David Mourizek, Londres 2012an eta Rio 2016an paralinpikoa izan denak, apustu sendoa egin du, zoritxarrez covid-19aren pandemiagatik atzeratu egin dituzten Tokioko Jokoetarako. 2021ean Japoniako hitzordu handirako deialdian sartzeko oso garrantzitsua izango da etxeko txapelketan denboraldi on bat egitea. Bidaideak BSR taldeak garapen handia erakutsi du azkenaldian, 2019ko Euroliga 1 ere lortuta, eta asteburu honetan, berriz ekingo diote borrokari, ligaren hastapenarekin, Albaceteren aurka. Mouriz funtsezko piezetako bat izango da. Duela urte batzuk Euskadira etorri zen galiziar hau aurten sartu da lehenengoz Basque Team Fundazioaren beka jaso duten kirolarien zerrendan, eta berarekin hitz egiteko aprobetxatu dugu. Zilarrezko domina lortu zuen Rioko Jokoetan eta orain maila hori mantentzearen edo hobetzearen aldeko apustua egiten du.
(Nolakoa izaten ari da urtea David Mourizentzat?) “Harrigarri samarra, denontzat bezala. Tokiotik itzultzen ibili behar genuen jada, domina batekin oxala, eta ez da horrela, baina ilusio berarekin begiratzen diogu urteari. Espero dezagun 2021ean ospatzea: topera joateko eta lehiatzeko gogo biziz”.
“Nik beti gauza bera esaten dut Europako txapelketa bat amaitzen denean, horrek ematen baitigu Jokoetarako edo Munduko Txapelketa baterako sailkapena, selekzioak duela lekua eta nik irabazi egin behar dudala. Selekzioan urte asko daramatzazun arren, agian hurrengo urtean kanpoan gera zaitezke”.
“Oso denboraldi polita eta ilusioz betetakoa izango da. Zenbat eta hobeto egon urte osoan, orduan eta hobeto iritsiko zara Tokiora. Urriaren 31n Albaceteko partida garrantzitsu batekin hasiko gara eta ilusioz gainezka gabiltza; polita izango da. Fitxaketa onak ditugu, taldea oso batuta dagoela uste dut eta oso gustura gaude, oso gogor entrenatzen. Nabarituko dela uste dut”.
“Jokoak oso itxaropentsu irudikatzen ditut japoniarrak nolakoak diren ikusita. Gauzak egiten dituztenean, oso neurtuak dira, oso zuzenak, eta nik uste dut Jokorik onenak izango direla, sekulakoak. Han egon nahi dut”.
“Adibidez, nik Londresekoek baino askoz gehiago gozatu nuen Rioko Jokoekin. Londreskoetan esan nuen “buah, hau guztia…”, baina Riokoak gehiago gozatu nituen, egoera ezagututa, baita kirol arloan ere. Gure kirolean ez dugu Rion izan genuen jendetza izaten, harmailak beteta egon ziren. Azkenean, esperientziarekin askoz hobeto kudeatzen duzu egoera”.
“Lehiatu nahi dugu, irabazi nahi dugu eta urrearen bila goaz. Gero lortzen ez badugu, norbait gu baino hobea izan delako izango da, baina gure helburua dominetan sartzea da. Oso talde lehiakorra gara, Europako txapelketan oso ondo lehiatzetik gatoz, zilarra ere lortu genuen. Azkenean, lehiatzea da nahi duguna eta ahalik eta goren iristea”.
“Luxua da Basque Team Fundazioko kide izatea; izan ere, azkenean ni galiziarra naiz, eta hemen dauden laguntzak, azpiegitura, konfinamenduan entrenatzera inork entrenatu ezin zuenean etorri ahal izan ginela, gimnasioa, instalazioak…Basque Team Fundazioaren inguruko guztia luxu bat da kirolarientzat”.