30-maiatza-2017

"Lehenengo Esloveniako Europako txapelketan parte hartu behar dudan arren, Pauko Munduko txapelketa izango da denboraldiko hitzordu nagusia"

Maialen Chourraut

Rio 2016ko urrezko dominaduna alderdi batzuk hobetzeko lan egiten ari da, obsesionatu barik, baina Tokio 2020ko Jokoekin buruan

Maialen Chourrautek ez zuen arazorik izan estatuko taldean sartzeko Munduko Kopetarako eta Europako txapelketarako Seu d´Urgelleko eta Pauko hautazko proben ondoren. Proba horiek egin ostean, Maialenez gain, taldean sartu ziren Joan Crespo, Samuel Hernanz eta Irati Goikoetxea K1en eta Klara Olazabal, Miren Lazkano eta Ander Elosegi C1en.

Chourraut-ek ez du amore emango Tacen-en (Eslovenia) ekainaren 1etik 4ra jokatuko den piraguismo eslalomeko Europako txapelketan, baina berarentzat denboraldiko proba garrantzitsuena irailaren bukaerako Pauko Munduko Txapelketa izango dela aitortzen du “Esloveniara helduko naiz, kanal horretan entrenatu barik denbora asko pasa ostean”.

Lehenengo Tacen-eko hitzorduari aurre egingo dio eta aurrerago Pauko Munduko txapelketaren txanda helduko da, urteko unerik gorena. “Mundial berezia izango da, etxetik gertu jokatuko den Mundiala, giro apartarekin, ezagutzen dudan kanal zoragarrian gainera”.

Batez ere lehiaketa horretara begira bideoak ikusten ditu aurkariak nola dauden aztertzeko eta aurten Jessica Fox australiarrak eta Ricarda Funk alemaniarrak oso indartsu jarraitzen dutela dio lasartearrak, oso azkar dabiltza eta garaipen gosea izaten jarraitzen dute Maialenen aburuz.

Chourrautek kontatu digu lanean dabilela hobetzen jarraitzeko eta uretan eroso sentitzeko. Baliabide asko izan nahi ditu batzuetan inprobisatu behar delako eta hori gertatzen denean, inprobisazioa ahalik eta azkarren egin behar izaten delako.

Urrezko domina irabazi zuenetik ia hamar hilabete pasa diren arren, Basque Teameko palista Rioko 2016ko Jokoek utzitako biharamunarekin bizi da oraindik, hainbat konpromisok hala eskatuta. Baieztatzen du baduela dagoeneko ‘Tokio2020’ bere buruaren txokotxo batean baina ez duela obsesionatu nahi. “Oraindik urte batzuk falta dira, dena den, olinpiar ziklo berri batean sartzen zarenean, olinpiar urtea berehala dator. Ilusioa badaukat, epe luzera helburu hori badut eta hara ahal bezain ondo iritsi nahi dut”.

Honekin lotutako berriak

13-iraila-2024

Pariseko Joko Olinpikoak eta Paralinpikoak azken hamarkadetako emankorrenak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, parte-hartzeari eta emaitzei dagokienez

Informazio gehiago
12-iraila-2024

Iñigo Llopis eta Ander Cepas Basque Teameko kirolariek Pariseko Joko Paralinpikoetan lortutako dominak aurkeztu dituzte etxean

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Basque Teameko Nahia Zudaire igerilariak bere bigarren diploma irabazi du, oraingo honetan bular estiloko 100 metroko S7 proban

Informazio gehiago
05-iraila-2024

Ander Cepas Basque Teameko mahai-teniseko jokalariak brontzezko domina ziurtatu du Pariseko Jokoetan

Informazio gehiago
03-iraila-2024

Asier Garciaren selekzioa gurpildun aulkiko saskibaloiko dominen lehiatik kanpo geratu da, Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
02-iraila-2024

Iñigo Llopisek bere bigarren domina irabazi du Parisko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago