Basque Teameko Tania Calvok 14. postuan amaitu du Municheko Europako Txapelketako omniuma
Tania CalvoEkain Jimenez hamabosgarren izan da Kilometroaren sailkapenean
Tania Calvo Europako txapelketako omnium probaren zerrendan sartu dute ofizialki gaur goizean. Lasterketa Eukene Larrartek jokatu behar zuen, baina duela bi egun kanporaketan izandako erorikoaren ondorioz, ordezkatu egin behar izan dute.
Messe München belodromoko omnium osoaren lehen proba scratch-a izan da. Bertan, arabarrak 13. postuan bukatu du, 16 puntu lortuz. Ondoren, Tania hamaseigarren izan da ‘tempo race’ delakoan, guztira 26 puntu lortuz. Arratsaldeko hirugarren oztopoa kanporatze-probarekin etorri da. Taniak hamahirugarren postua lortu du guztira 42 puntu pilatzeko.
Horrela egin dio aurre Calvok omniumeko azken probari, puntuazioari, 14. postuan. Ez du saririk eraman lasterketaren lehen zatiko esprintetan, eta proba amaitzeko 36 itzuli falta zirenean, korrikalarietako batzuen arteko talka gogor batek eten egin du lehiaketa. Berriz hasi denean gauzak ez dira aldatu txirrindulariarentzat. Taniak ez du beste punturik lortu, omniuma 14. postuan amaituz.
Bestalde, Basque Teameko bekaduna den Ekain Jimenezek ezin izan du Kilometroko probako finalerako txartela lortu. Sailkapen fasea zortzi txirrindulari onenek gainditu dute eta Oiartzungoak hamabosgarren postuan bukatu du 1:08.928ko denborarekin (+3.275).