Maider Undaren bide olinpiarrak brontze kolorea du
Golden Grand Prix lehiaketan, Bakun (Azerbaijan), brontzezko domina kolkoratu berri du Maider Unda borrokalariak. Rioko Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi du, eta horretarako txartelak banatuko dituzten txapelketetara sasoiko eta motibazioa goian duela iritsi nahi du, beraz urrats polita eman du oso joan den asteburuan. Martxoan Letonian Europako Txapeldunak lortuko du txartel bat, eta azkenak Olinpiar sailkatze lehiaketetan banatuko dira, apirilean Serbian eta Mongolian, eta maiatzean Turkian. Joan zen irailean Munduko Txapelketan, Amerikar Estatu Batuetan, izan zuen txartela eskuratzeko lehen aukera eta huts egin zuen, baina jada berbideratu du itxaropena asteburu honetako emaitzarekin. Mae Epp estoniarraren aurka soilik galdu zuen, gero txapelketa irabazi zuen borrokalaria, jada Olinpiar txartela baduenetako bat. Repeskan eta brontzezko dominaren lehian, ordea, erakustaldia eman zuen Undak, bi aurkari gogor gaindituz ondoz ondo: Andrea Olaya kolonbiarra –Riorako sailkatuta dago-, eta Guzel Manyurova kazakstandarra –Atenasen zilarra eta Londonen brontzea 72kg kategorian-.