Iñigo Peñak Jokoetarako txartela ziurtatu du, Paco Cubelosekin batera, Estatuko hautaketa probak irabazita
Iñigo PeñaIñigo Peña eta Paco Cubelos munduko txapeldunordeek Tokioko Jokoetan parte hartuko dutela ziurtatu dute gaur, Trasonan (Asturias) hasi diren piraguismoko kontrol nazionaletan K2-1.000 metroko proba irabazi ostean.
Cubelosekin K2 1.000 metroko ontziarentzat plaza lortu zuen Szegeden (Hungaria) 2019an jokatu zen Munduko Txapelketan, baina gaur Tokiorako sailkatutako piraguista olinpikoen zerrendan bere izena gehitu du, Maialen Chourraut eta Ander Elosegi eslalomeko piraguistekin batera.
Begoña Lazkanok ez du zorte bera izan. Gipuzkoarra, Laia Pelachsekin, bigarren izan da K2 500 metrokoan, Carolina Garciaren eta Sara Ouzanderen atzetik bukatuta.
Esprinteko selektiboak ostiralera arte iraungo du, eta, olinpiar aurreko txapelketarako ez ezik, Munduko Txapelketarako eta Europako txapelketarako plazak ere izango dira jokoan. Ekainaren lehen astean Duisburgen (Alemania) aurreikusita zegoen proba kontinentala bertan behera geratu da eta oraingoz ez dago garbi egingo den ala ez.
Bihar, asteazkena, selekzioaren bigarren jardunaldia jokatuko dute, 9:00etatik aurrera, K1 500 metroko emakumezkoen A mailako finalarekin. Horretan aurreolinpikoaren sailkapen postuak jokoan egongo dira.