Iñigo Martinez de Albornozek zilarra eskuratu du Val Thorenseko Munduko Kopan
Basque Teameko mendiko eskiatzaileak bere emaitzarik onena lortu du maila honetako proba batean, denboraldiko lehen lasterketan
Iñigo Martinez de Albornoz hurrengo Neguko Jokoetan lehiatzeko hautagai sendoetako bat dela erakutsi zuen joan den denboraldian. Cortina d ‘Ampezzon jokatuko dira 2026an, eta badirudi domina lortzeko aukera asko izan ditzakeela. Gaur Val Thorenseko (Frantzia) Munduko Kopako esprint proban podiumera igo da berriro, bigarren postuan amaituz.
Hasieratik oso ondo hasi da eta sailkatze txandan hirugarren sailkatu da donostiarra, 03:11.20ko denbora eginez. Final-laurdenetan lehen postuan helmugaratu da 03:14.42an geratuta kronoa. Finalerdian bigarren bukatu du 03:15.14ko denbora ezarriz. Finalean postu berdina errepikatu du eta Oriol Cardona garailearengandik 3.11ra iritsi da bukaerara. Thibault Anselmet frantziarrak osatu du podiuma, Cardonarekiko 5.88ra helmugaratuta.
“Gogoz nentorren eta entrenamenduetan oso ondo ari nintzen. Helburua finalera pasatzea zen eta horrela izan da. Finalera pasatzea eta lehiatzea lortu dut, eta nire emaitzarik onena erdietsi dut Munduko Kopan. Gogotsu nago denboraldiarekin jarraitzeko eta hurrengo helburuei begira jartzeko” esan dio Iñigok Basque Teameko komunikazio taldeari, proba bukatutakoan.
Iñigo Martinez de Albornoz pixkanaka aurrera doa, baina pauso sendoekin. Argi du zeintzuk diren bere erronkak eta, ingeniari ona den aldetik (lan hau goi mailako kirolarekin uztartzen du), bere buruari proposatzen dion guztia betetzeko plana gauzatzen ari da. 2022an hirugarren izan zen Boi Taüll Europako Txapelketako esprint lasterketan, eta 2023an aurrera egiten jarraitu zuen, Boi Taüllen mendiko eskiko Munduko Txapelketako esprintean seigarren postua irabazita, eta errelebo mistoan laugarren postua lortuta, Marta Garciarekin batera. Gaurko zilarra ibilbide horri gehitu behar zaio, nazioartean lortu duen emaitzarik onenetakoa baita.
Iñigo Martinez de Albornozek etorkizun oparoa du mendiko eskian. Aitaren urratsak jarraituz hasi zen kirol honetan (Candanchun mendiko eskia praktikatzen lehenetarikoa) eta hamar denboraldi daramatza nazioartean lehiatzen. Modalitate hau 2021ean sartu zuen Nazioarteko Batzorde Olinpikoak programa olinpikoan.