Iñigo Llopisek zilarrezko domina irabazi du Tokioko Jokoetako bizkar estiloko 100 metrokoan
Iñigo LlopisBasque Teameko igerilariak gaur arratsaldean Tokioko Aquatic Centren S8 kategorian lortutako zilarrezko dominarekin inauguratu du bere sarien zerrenda paralinpikoa. Aurten Funchalen jokatu den azken Europako txapelketan donostiarrak titulua bereganatu zuen proba honetan eta gaur mundu mailan ere onenen artean dagoela erakutsi du.
Emozioak goiz esnatu zaizkio gaur Llopisi. Askoz erosoago egin du igeri gaur, bizkar estiloko 100 metrokoan, bere proba kuttunean. Estilo libreko 100 metroko finalerako txartela ezin izan bazuen sinatu, gaurkoan era sendoan erdietsi du. Eguneko lehena izan den bere serieko denborarik azkarrena lortu du, kronoa 1.07.90ean geldituz. Bigarren denborarik onena izan da guztira, bi sailkatze txandak kontuan hartuta. Llopis Robert Griswold estatubatuarrak bakarrik gainditu du donostiarra. Finalera zortzi onenak pasa dira.
Goizeko sailkapen txanden markek dominak lortzeko lehia gogorra iragartzen zuten arratsaldeko saioan. “Maila asko igotzen ari da eta hori ona da guztiontzat eta ikuskizunarentzat”, adierazi dio Iñigo Llopisek Tokiora joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.
Hala gertatu da arratsaldean, igerilariek Japoniako hiriburuko igerilekuan hegan egin dute; Robert Griswold estatubatuarrak, batez ere, Munduko errekorra hautsi baitu, 1:02.55ko marka eginda. Estatubatuarrak ezarritako erritmo itzela ikusita, Iñigo Llopis bere igeriketan zentratu da, eta dena eman du azkenean lortu duen bigarren postuarengatik. Hirugarren postuan zihoan 50 metroetan norabidea aldatu duenean, baina ohi duen bezala, lasterketako bigarren zatian aurrera egin du.
“Oso pozik nago egindako lanarekin, eta nire senide eta lagunei eskaini nahi diet, jokoen berezitasunagatik ezin izan baitira honaino etorri. Ziur ospatuko dugu Donostiara itzultzean, baina orain beste probetan ere pentsatu behar dugu”, esan du Llopisek.
Iñigo Llopis estilo libreko 4×100 metrokoan arituko da abuztuaren 30ean, estilo linreko 400 metrokoan abuztuaren 31n eta estilotako 4×100 metroko proban irailaren 3an.
Bestalde, gurpildun aulkiko saskibaloian gizonezkoen selekzioak geldiezin jarraitzen du podiumerako bidean. Gaur, Asier Garcia eta David Mouriz Basque Teameko bekadunen konbinatuak Kolonbia gainditu du multzoen faseko hirugarren partidan, 74-56. Aitzitik, Agurtzane Egiluzen emakumezkoen selekzioa ez dabil ondo Tokioko Jokoetan. Bigarren partidan 29 eta 46 galdu dute Txinaren aurka.
Paralinpiar arraunean Jorge Pinedaren gaurko helburua ere zaila zen. Bere ontziak, lemazainadun lauko mistoak, duela gutxi hasi zuen bere ibilbidea, batez ere Paris 2024ra begira, eta seigarren postuan amaitu du eguneko sailkapen seriea. Beraz, bihar bigarren aukerakoa jokatu beharko du.