Iñigo Llopis igerilaria nagusitasunez sailkatu da Parisko Paralinpiar Jokoetako bizkar estiloko 100 metroetako finalerako
Iñigo LlopisBoccian Amagoia Arrietak agur esan dio txapelketari
Txapelketako hirugarren jardunaldian, Defense Arenak, Parisko Joko Paralinpikoetan igeriketa hartzen duen pabiloiak, itxura ezin hobea du. Iñigo Llopis gogotsu zegoen bere hirugarren Jokoetan lehiatzen hasteko, dominen borrokan hautagai nagusia den proban. Donostiarrak denbora bikaina egin du bizkar estiloko 100 metroko sailkapenean, S8 klasean, Kota Kubota aurkari japoniarrari 1:03ko aldea aterata. Arratsaldean, 17:59an, egungo Munduko txapeldunak espero den finala jokatuko du.
Ivan Salguero nafarrak estilo libreko 400 metroko sailkatze-proba jokatu du S13 klasean eta arratsaldeko finalerako txartela ere lortu du zazpigarren denborarik onena eginda: 4:19.83. Azken fasera zortzi onenak sartzen ziren. Ivanek diploma bat lortu zuen proba honetan, Tokioko Jokoetan zazpigarrena izan baitzen.
Mikel Erdozain Leioako igerilari gaztea bizkar estiloko 50 metroetako sailkatze proban lehiatu da gaur goizean. Finalerako txartela lortu ez duen arren, Defense Arenako harmailak betetzen dituen publikoaren txalo zaparrada jaso du beste behin. 1:43.15eko denborarekin, Gabriel Geraldo Dos Santos brasildarrak baino 49.48 segundo gehiago behar izan ditu helmugaratzeko. Bukatzean, proba honetan oraindik lan gehiago egin behar duela onartu du.
Boccian Amagoia Arrietak ezin izan du final-laurdenetarako txartela lortu B1 klasean. Atzo Aurelie Aubert frantziarraren aurka galdu ostean, porrot gogorra jaso du gaur, 1-5, Singapurreko Yee Tan jokalariaren kontra.
Pistako txirrindularitzan, Iparraldean bizi den Dorian Foulon txirrindulariak C5eko 4.000 metroko banakako jazarpeneko finalerako sailkapena lortu du, Munduko errekor berria ezarriz. Arratsaldean du finala.
Arraunean, atzoko makalaldiaren ondoren, Perle Bougek irribarre egin du berriro. Baionan bizi den arraunlariak Scull mistoko (PR2Mix2x) bigarren aukerako estropada irabazi du 8:29.61eko denborarekin eta, horrela, bihar 11:50ean jokatuko den A finalerako txartela eskuratu du.
Azkenik, Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte, Naiara Rodriguez eta Beatriz Zudaireren aulkiko saskibaloiko selekzioak amore eman zuen atzo gauean Txinako Herri Errepublikaren aurka (64-38), Zudaire nafarra (12 puntu, 6 errebote eta 6 asistentzia) jokalaririk nabarmenena izan zelarik. Espainiak bigarren porrota jaso zuen multzoen fasean (A) atariko kanporaketan.
Asiako taldeak aldea ezarri zituen lehen laurdenean, 25-7ko partziala lortuta. Espainiak pultsua hautsi zuen bigarren zatian eta markagailu partzialeko aldeak murriztu egin ziren, hirugarren laurdenean nagusituz (7-15). Hala ere, Txinak partida errematatu zuen 18-4ko emaitzarekin azken laurdenean. Bihar Kanadaren aurka jokatuko dute.