Iker Sastrek gurpildun aulkiko mahai teniseko 2 klasean Rioko Paralinpiar Jokoetan jokatu nahi du, eta txartela lortzeko aukera datorren astean izango du Copa Costa Rica txapelketan, hilaren 16tik 19ra. Ranking paralinpiarrean 15. postuan dago Sastre eta urtea amaitzerako lehen hamairuen artean sartu nahi du, haiek lortuko bait dute Jokoetarako txartel zuzena. Horretarako, beraz, urteko azken txapelketa honetan, Costa Rican, puntuak metatu behar ditu, eta burubelarri aritu da prestaketan: “asko daukat jokoan, baina oso ondo nago, buruz burukoan podiumaren lehian sartzea da helburua, eta horrekin puntu nahikoa metatzea”, dio. Buruz buruko lehiak 16an eta 17an jokatuko dira, eta taldekakoak 18an eta 19an, bietan parte hartuko du Iker Sastrek. Gaur abiatu da Costa Ricara.