Gurutze Frades eta Eneko Llanos Basque Teameko enbaxadoreak, urteko txapelketa nagusiaren bila Konan
Eneko Llanos 13. aldiz lehiatuko da Konako Munduko txapelketan (2006tik beti izan da hitzorduan, iazko edizioan izan ezik) eta Gurutze Fradesek ondoz ondoko laugarren parte-hartzea izango du.
Iurretako triatletak sailkapena eskuratu zuen urteko lehen Ironmanean, Port Elizabethen (Hegoafrika), erakustaldia eman ondoren. Hawaiin parte hartuko duten 35 emakumeen artean izango da Frades. Egunotan azken prestaketak egin ditu altueran, Sierra Nevadako Errendimendu Altuko Zentroan, eta orain Konako bero eta hezetasunera egokitzen ari da. Azken hilabeteetako doitze-prozesuan Gurutzek Palmaces, Buelna eta Fromistako triatloietan parte hartu du, baita garaipena lortu ere. Emaitza horiek maila onean dabilela erakusten dute.
Gurutzek Konako Ironmanaren aurreko elkarrizketetan aitortu du Eneko Llanos izan dela bere erreferenteetako bat hitzordua prestatzeko. Arizonan eta Gasteizen erdietsitako garaipenen ostean, gasteiztarrak indarberrituta ekingo dio Hawaiiko txapelketa handiari, azken aldian distira egiteko baliagarriak izan diren gakoak aldatu barik. 42 urterekin, eta denboraldi bikaina biribildu eta gero, 2008an bigarren postua eman zion eszenatokira itzuliko da Eneko. Konara joan aurretik, ‘Kaiser’arekin egon gara.
“Orain arteko balantzea oso ona da. Pasa den urtean Arizonako Ironmaean garaipena lortu eta gero, aurtengo Hawaiiko Ironmaneko Munduko txapelketarako txartela lortu nuen eta urte osoa egon da proba honetara enfokatuta. Urte hasieran Hegoafrikako Ironmanean egon nintzen eta ondo joan zen, laugarren postua lortuta, eta uztailean, Gasteizen Ironmana egin nuen, hori zen Konarekin batera denboraldiko helburu nagusia. Gasteizekoa oso ondo atera zen, garaipena erdietsi nuen, etxean, oso ondo atera zitzaidan proba eta asko gozatu nuen. Urtea ondo joan da, sasoi onean ibili naiz eta uste dut sasoi puntu hori mantendu dudala eta Hawaiin ere ondo egiteko moduan egongo naizela”.
“Proba urriaren 12an da, 10 egun geratzen zaizkit eta hasi naiz entrenamenduen karga jaisten, batez ere azken aste honetan. Datorren astea oso lasaia izango da, gainera bidaia daukat Hawaiira; beraz, aste lasaia izango da. Bidaiatik errekuperatu, ordu aldaketara moldatu… Orain geratzen dena da gorputzari aukera ematea atseden hartzeko eta egindako guztia, hemendik hamar egunetara, lehiaketa egunean, ateratzea”.
“Pasa den urtean ez nintzen egon, eta horren aurretik egon nintzen azken hiru edo lau alditan, egia esan ez nintzen oso gustura geratu. Gustatuko litzaidake gutxienez aurten gustura geratzea”.
“Emaitzarik ez daukat buruan. Dagoen mailarekin oso zaila da, baina behintzat urtean zehar izan dudan errendimendu on hori berriro han errepikatzea, helmuga gurutzatzea eta nire buruarekin pozik geratzea. Uste dut sasoi puntu onean nagoela, urtean zehar mantendu ahal izan dut, eta uste dut Hawaiira ondo iritsiko naizela eta ondo egiteko moduan nagoela”.