Garoa Martinezek zortzigarren amaitu du Erevango Europako txapelketan, orain arteko bere emaitzarik onena lortuz
18-apirila-2023

Garoa Martinezek zortzigarren amaitu du Erevango Europako txapelketan, orain arteko bere emaitzarik onena lortuz

Garoa Martínez

Basque Teameko halterak 202 kilo pilatu ditu ‘Guztizko olinpikoan’, Espainiako errekorra hautsiz gainera ‘Bi denboretan’, 112 kilo altxatuta

Urtez urte, urratsez urrats. Garoa Martinezen helburua argi geratu zen 2021ean Moskun jokatutako Europako Txapelketan hamalaugarren izan zenetik. Harrezkero, xede garbi bat jarri zion bere buruari: goi mailan hobetzen jarraitzea, bere balioa erakusteko, eta hala egiten ari da. 2022an, oraingoan Tiranan (Albania), berriz ere arratsalde pozgarria eman zigun, Europako zortzigarren postua lortuz ‘Abiadan’, hamalaugarren postua ‘Bi Denboratan’ eta hamargarren postua ‘Guztizko olinpikoan’, sailkapen orokorrean. Gaur beste kapitulu bat idatzi du bere kirol ibilbidean, orain arteko markak gainditu eta zortzigarren amaitu baitu Nuray Gungor turkiarrak irabazitako Europako Txapelketan.

Garoak B multzoko lehen postua lortu du, eta goizean lehiatu da. Garoaren emaitzak oso onak izan dira, Espainiako marka onenarekin tarteko, baina arratsaldean lehiatu den A multzoko emaitzei itxaron behar izan die txapelketako azken postua jakiteko. Garoak bazekien hamargarren izango zela, gutxienez, baina A taldearen emanaldiaren ondoren beste bi postu igo ditu.

Kirola beti egon da Garoa Martinezen bizitzan (Bermeo, 1997). Judo, eskubaloi eta gimnasia erritmikoarekin probatu zuen urteetan, eta Gasteizera iritsi zenean, CrossFita ezagutu zuen, eta gerora, baita halterofilia ere. “Janariarekin arazoak nituen, eta gimnasioan aritzen zen mutil bat ezagutu nuen. Dieta bat egin zidan, eta, horri esker, pisu dezente hartu nuen, eta horrekin konturatu nintzen kiloak mugi nitzakeela. Une egokia eta kirol egokia batu ziren, dena batu zen” inoiz komentatu du.

Ahalegin handiarekin, entrenamenduak eta lan-arloa uztartuz, emaitzak iristen hasi ziren. Bermeotarra estatu mailan nabarmentzen hasi zen (Espainiako txapelduna izan da eta aurten ere txapeldun izan nahi du) eta ondoren nazioarteko hitzorduak iritsi ziren. Bere nazioarteko lehen esperientzia absolutu garrantzitsua lehen aipatutako Moskuko Europako txapelketa izan zen, non hamalaugarren amaitu zuen, 182 kilo altxatuz ‘Guztizko Olinpikoan’, 82 ‘Abiada’ modalitatean ‘eta 100 ‘Bi Denbora’ modalitatean. Urte bat geroago, 2022an, ‘Abiada’ izeneko modalitatean, bere marka pertsonal bikaina erdietsi zuen, 90 kilo, eta bere fetitxea den den ‘Bi Denboratan’ 105 kilo lortu zituen, guztira 195.

Gaur Erevanen (Armenia) jokatu den txapelketan, 64 kilo baino gutxiagoko kategorian, Garoa Martinezek 90 kilo altxatu ditu ‘Abiada’ proban, 112 kilora iritsi da ‘Bi Denboretan’, Espainiako errekorra gaindituz, eta 202 kiloko ‘Guztizko Olinpikoa’ pilatu du.

Europako txapelketa Paris 2024ko Jokoetarako sailkapenerako baliagarriak diren zazpi lehiaketetatik bigarrena da. 2023ko eta 2024ko txapelketa kontinentalek, 2022ko eta 2023ko Munduko txapelketek, 2024ko apirileko Munduko Kopak eta 2023ko Grand Prix I eta II txapelketek puntuatzen dute.

Garoa Martinez gero eta pisu gehiago altxatzeko gai da, baina halterofilian markak eta indarra ez dira dena. Kiloak buruaren gainetik igotzeko potentzia funtsezko faktorea da, baina are garrantzitsuagoa horretarako erabiltzen den teknika. Gaur egun, Martinez lan tekniko horretan zentratuta dago, eta gaur erakutsitakoaren arabera, badirudi fruituak iristen ari direla.