Aritz Aranburu, Keoni Lasa, Garazi Sanchez, Pauline Ado eta Joan Duru bigarren kanporaketara igaro dira
El Salvadorreko uretan jokatzen ari diren Isa Munduko Txapelketa indartsu hasi da. Surflariak euren onena ematen ari dira, Munduko txapelketaz gain, Pariseko Jokoetarako txartelak jokoan daudela jakinda.
Lehen jardunaldian gizonak goizean goizetik hasi dira lehiatzen La Bocanan eta emakumeak El Sunzalen. Keoni Lasa Basque Teameko surflari gaztea izan da lehena. Venezuelarekin lehian dabilen zarauztarrak erakustaldia eman du eguneko bosgarren txandan. Erabateko ausardiaz biribildu du 6.17koa eman dion olatu bat aireko maniobra batekin. Ondoren 5.77koarekin baloratu duten bigarren bat lortu du eta seriearen buruan jarriz, horri eutsi dio amaierara arte. Frederico Moraisi aurre egin dio, Tokyo 2020ko Jokoetan lehiatu zenari eta WCT-en, Munduko zirkuiturik onenean ari den surflariari.
Aritz Aranburu Basque Teameko surflariak ere ez du arazo handirik izan bigarren txandara igarotzeko. Esperientziak eragin handia izaten duela esan dute, eta kasu honetan esandakoa erabat bete dela. Zarauztarrak jakin du olatu bat aukeratzen txandaren hasieran eta 5.73ko puntuazioa jarri diote. Horrek lasaitasuna eman dio 20 minutuei aurre egiteko, nahiz eta gero 3.27ko beste olatu bat bilatu behar izan duen pasea ziurtatzeko. Aranburuk dio ez dela horrela sentitzen, baina faboritoa zen txanda horretan. Hairil Anwar indonesiarra, Victor Velazquez guatemalarra eta Noa Mendiola Guameko surflaria izan ditu aurkari.
Joan Duru Baionako surfistak ere aurrera egin du hurrengo kanporaketara, bere txandako lehen postuan. Guztira 10.24 puntu lortu ditu, Jack Scott irlandarra eta Iaroslav Dombrovskyi ukrainarra erraz azpiratuta.
Sunzaleko podiumean, bestalde, Garazi Sanchez izan da uretara sartu den lehena. Hirugarren txandan Rheanna Rosenbaum belgikarrak kinka larrian jarri du une batzuetan baina Garazik bigarren postua lortu du Coco Cianciarulo argentinarrari eta Tiziana Prem guatemalarrari nagusituta.
Pauline Ado Angeluko surflariak ere aurrera egin du gaur. Lehena izan da bere txandan, 11.77ko nota lortuz, eta Pia Rogers zeelandaberritarraren (8.57) eta Rosanny Alvarez venezuelarraren (6.53) aurretik amaituz.
Bihar Ariane Ochoa bilbotarraren eta Nadia Erostarbe eta Adur Amatriain zarauztarren txanda izango da.