Eunate Munduko Txapelketan.
Eunate Agirre Munduko bodyboard txapeldun bihur daiteke asteburu honetan Kanaria Handian.
Kanaria Handiko El Confital hondartzan aldarrikatuko dira bihartik aurrera munduko bodyboard txapeldun berriak, IBA World Tour-eko azken probaren barruan. Emakumezkoen kategorian, Eunate Agirre bilbotarrak titulua lortzeko aukera handiak ditu. Proba abenduaren 1etik 5era bitartean egingo da, eta bertan, bodyboard-ean diharduten mundu osoko 200 profesional baino gehiagok parte hartuko dute, zirkuituko eskuin olaturik onenetako bati aurre egiteko prest.
Bilboko rider-ak Europako Txapelketa irabazi du bi aldiz (2007an eta 2008an), eta sailkapen nagusiko bigarren postuan dagoela iritsi da azken proba honetara. Agirrek 5.225 puntu ditu dagoeneko, eta Kanaria Handiko hondartzan irabaziz gero, munduko txapela irabaziko luke. Bi brasildar dira tituluaren bila arerio izango dituenak: Neymara Carvalho, munduko txapelduna lau aldiz, orain arte 5.240 puntu lortu dituena; eta Jessica Baker, 5.015 puntu bildu dituena. Irabazleak 1.500 puntu lortuko ditu, bigarrenak 1.290 eta hirugarrenak 1.095 puntu.
Orain arte egin diren bederatzi norgehiagoketan, Eunate Agirre Bahia-ko proban nagusitu da. Honi eransten badiogu egutegiko gainerako probetan izan duen erregulartasuna, munduko txapeldun berria izateko aukera handiak dituela esan dezakegu. Rio de Janeiron eta Margarita Uhartean jokatutako azken bi probetan, Jessica Becker izan zen irabazlea, eta bi garaipen horiei esker, munduko titulua eskuratzeko aukera handiak ditu denboraldiko azken hitzordu honetan.
El Confital hondartza kategoria handiko eszenatokia bihurtu da azken bi urteotan IBA World Tour delakoaren barruan, Hawai, Brasil, Australia, Txile edo Portugaleko beste kokaleku batzuekin bat eginez, eta bertako itsas-korronteek abiadura eta kontraste handiko “hodia” eratzen dute, profesionalek izugarri estimatzen dutena.
Eunate Agirre (Bilbao, 1982) 11 urte zituela hasi zen olatuak harrapatzen, eta 13 urterekin lehen txapela eskuratu zuen Sopelako Peña Txuri Surf Taldearen eskutik. Herri honetan igaro zituen haurtzaroko udaldiak. Europako txapelduna izan da bi aldiz junior kategorian, eta jarraian, munduko zirkuiturako jauzia egin zuen kirol honetako elitearekin lehiatzeko asmoz. 2006an munduko txapela irabazteko zorian izan zen, eta Europako Txapelduna izan da 2007 eta 2008 urteetan. BAT Basque Team-en babespean, bizkaitarrak titulua bereganatzeko aukera handiak ditu 2009ko Munduko Txapelketako azken proba honetan.
Adierazpenak
Hitzordu erabakior honi aurre egiteko egunbete geratzen zaiolarik , Eunate lasai eta konfiantzaz beteta ageri da: “Ondo aurkitzen naiz fisikoki, eta oso gustura olatu honekin, eta presio psikologikoari dagokionez, egia esanda, nahiko lasai nago, irabazteko asko eta galtzeko oso gutxi daukadalako”. Bilboko rider-a Kanaria Handian dago azaroaren erdialdeaz geroztik proba prestatu eta El Confital-eko olatuari egokitzeko asmoz, “baina egia aitortu behar badut, nahiko ohituta nago hemengo guztiarekin, izan ere, neguan, eguraldiak Euskadin entrenatzea eragozten duenean, hona etorri ohi bainaiz”.
Gure ordezkariak ondo baino hobeto ezagutzen ditu proban aurkituko dituen baldintzapenak: “Hemengoa reef motako olatua da, harkaitzezko hondokoa, oso eskuin-olatu mekanikoa, puntu finkoa eta potentzial handia duena, eta ondorioz, zortea ez da faktore erabakiorra izango. Egunotan nahiko ondo jardun dut, eta eguraldi-iragarpenen arabera, olatuek bi metro inguruko altuera izango dute proba-egunean”.
Titulua lortzeko norgehiagokan arerio izango dituen kirolariei dagokienez, Eunate Agirreren iritziz, Jessica Baker-ek “latzagoa dauka” eta Neymara Carvalho da gainditu beharreko benetako kontrarioa: “Hauxe da indartsuena, eta norgehiagoka honetan, bosgarren munduko titulua lortzeko esperoan jardungo du; horrenbestez, guztia esanda dago, baina egia esanda, niretzat, bene-benetako erreferentzia da kirol honetan. Nik neuk ere oso denboraldi ona egin dut, oso ondo surfeatu dut eta titulua lortzeko berak adina meritu daukat. Nire denboraldirik onena izan da aurtengoa, eta nire arerioak oso indartsuak diren arren, konfiantza handia dut, eta oso sentsazio onak”. Euskal bodyboarder-ak uste du lehen kanporaketetako gurutzaldiak erabakiorrak izan daitezkeela. Seguraski ez du brasildarrekin topo egingo, eta horrexegatik, buru-belarri jardun nahi du 20 minutu inguruko eskuz eskuko norgehiagoka horietako bakoitzean azken probetara iristeko asmoz. “Olatu ona aukeratu eta ondo maniobratzen jakitea da garrantzitsuena –ziurtatu du-, horixe baita bi edo hiru olatuko serie bakoitzaren barruan “hodia” deritzon maniobra nagusia egiteko aukera erraztuko dizuna. Kanporaketa bakoitzean, bi dira puntuak ematen dituzten olatuak, eta ondorioz, tentuz jokatu beharra dago, zuhur-zuhur eta burua hotz”.
Eunate Agirrerentzat, lehendabiziko aldiz munduko titulua lortzea “erronka berri bat gainditzea” izango litzateke, “luzaz bilatutako amets gozo baten atsegina, alegia”. Alabaina, “oso argi daukat nire surfinga hobetzea dela oraindik nire helburu nagusia. Lehiatzea garrantzitsua da, eta poz-pozik egongo naiz titulua lortzen badut, eta lortzekotan, bigarrena eta hirugarrena eskuratzen ahaleginduko naiz. Baina garaipenak bazterrean utzita, beti daude hobetzeko gauzak”.