Haizeak Broad Peak-eko zeharkaldia zapuztu du
(2010/07/10) Dagoeneko Oinarrizko Kanpalekuan dira mendizaleak eguraldi onaren zain
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza oinarrizko akanpalekura jaitsi dira gaur eguerdian, haize bortitzen erruz Broad Peakeko hiru gailurren zeharkaldia bertan behera utzi dutelako oraingoz. Ostegun eta ostiralean, Naturgas ¬ Basque Team espedizioko hiru mendizaleek bide berri bat zabaldu zuten Broad Peakeko harkaitzezko gandorreraino eta iparraldeko gailurra ere zapaldu zuten (7.550 m.).
(AUDIOA ALBERTO IÑURRATEGI)
Gaur eta bihar beste bi gailurren zeharkaldia estilo alpinoan osatzeko asmoa zuten baina haizeteak zapuztu egin ditu euren asmoak. Ostiraletik larunbaterako gaua ipar gailurraren magalean igaro dute, 7.300 metroan dagoen lepoan, baina haizeak gogor astindu du denda gau osoan, ez die lorik egiten utzi, eta goizean baretzeko inongo itxurarik ez zuela ikusi dute. Gainera, aurreikuspen meteorologikoek diote haizeteak gutxienez beste bi egunez jarraituko duela.
Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak, beraz, oinarrizko akanpalekura jaitsi eta beste aukera baten zain egotea erabaki dute. Aurreikuspenen arabera, baliteke datorren astearen erdialdean eguraldi oneko egun batzuk etortzea, baina oraindik goiz da aukera hori zehazteko. Sasoiko daudela erakutsi dute mendizaleek, hiru egunetako asmoa bitan burutu baitute (bide berria zabaldu eta iparraldeko gailurrera igo: 2.700 metroko desnibela, zama guztia gainean eramanaz eta leku ezezagunetik), eta badirudi eguraldia alde edukitzea besterik ez dutela behar euren asmoa burutzeko.