Iñigo Peña piraguista da Euskal Telebistan emango den “BAT to Rio” saioko hirugarren protagonista. Asteroko dokumentala da, eta larunbatean emitituko da ETB-1en 21:00etan eta ETB-2n 14:45ean. Rio 2016 Olinpiar Jokoak bitarteko bederatzi hilabeteetan emango da, eta han parte hartzeko aukeran dauden euskal kirolarien berri emango du saioak. BASQUE TEAM eta Euskal Telebistaren arteko elkarkidetzaren emaitza da. Iñigo Peña K4-1.000 disziplinan da espezialista, lau arraunlari untzi berean eta 1.000 metroko distantzian. Duela lau urte oso gertu izan zuten Olinpiar Jokoetarako sailkapena, baina ezin izan zuten Londonen egon. Rioko Jokoetarako, ordea, joan zen abuztuan lortu zuten txartela, eta harrez gero bete betean ari dira hitzordu handirako prestaketan. “BAT to Rio” saioko lan taldea Madrilgo Blume Goi Errendimenduko Zentrura joan da harekin eta bere untzikideekin biltzeko. Han entrenatzen du Iñigo Peñak duela zortzi urtez geroztik, uretan nahiz gimnastika gelan, eta bertako bizipenen berri ematen du. Horrez batera K4ko kideek bera nola ikusten duten kontatuko dute. Haren amarekin eginiko elkarrizketa bat ere agertuko du saioak, eta bertan ikusiko da Iñigok piraguismoarekin txikitatik izan duela lotura. Iñigo Peña Arriola (Zumaia 1990/09/27) jaioterriko Itxasgain Kirol Elkartean hasi zen piraguismoan 10 urte zituela. Junior garaian emaitza bikainak lortu ostean 2009an pasatu zen maila nagusira Kanadako Munduko Txapelketetan parte hartuz K-4 1000koan, eta 11. sailkatuz. Javier Hernanz asturiarra eta Rodrigo Germade eta Oscar Carrera galizarrak dira bere kideak, eta haiekin lortu zuen 2015eko Europako Txapelketako brontzezko domina, Txekiar Errepublikako Racicen. Piraguismoak uzten dion einean Zuzenbide ikasketak burutzen ari da.