Miren Lazkanok eta Pau Echanizek urreak eraman dituzte eta Maialen Chourrautek brontzea eskegi du kayak crosseko finaletan
Basque Team Fundazioaren beka duten eslalom-piraguistek oso modu bikainean hasi dute denboraldia. Lehenengo Parisko Europako Txapelketan jokatutako finalak etorri ziren, ondoren Miren Lazkanok aurreko astean Seu d’Urgelleko Munduko Kopan kanoa modalitatean lortutako zilarrezko metala, eta asteburu honetan hiru domina lortu dituzte euskal palistek Paueko Munduko Kopako kayak kros modalitatean, urrezko bi eta brontzezko bat.
Gogoratu behar da kayak kos modalitatea Parisko Jokoetatik sartuta dagoela programa olinpikoan, eta domina olinpiko bat jokoan duen probetako bat dela.
Kronometratutako saioaren emaitzek arrakasta handia iragartzen ez zuten arren, piraguistek distira egin dute lauko txandetan. Saio kronometratuak kanporaketako txandetara zein palista pasatzen diren agintzen du, eta parrillen ordena ezartzen du. Horretan Miren Lazkano hamargarren izan da 59.88ko denborarekin (+1.97 azkarrenarekiko, Camille Кent frantziarrarekiko) eta Maialen Chourraut 25. (65.04, +7.13). Gizonezkoen erlojupekoan Pau Echanizek 28. postuan bukatu du, 56.05eko markarekin, +3.03 Jakub Krejci txekiarrarekiko.
Kanporaketetan, Miren Lazkano zazpigarren seriean sartu da lehian, eta bigarren amaitu du, Evy Leibfarth estatubatuarraren atzetik eta Monica Doria andorrarraren eta Lea Baldoni kanadarraren aurretik. Final laurdenetako laugarren seriean kokatuta, Mirenek hobetu egin du bere jarduna hurrengo kanporaketan, izan ere, lehena izan da, Alena Marx suitzarrak jarraituta eta Evy Leibfarth estatubatuarra eta Ajda Novak esloveniarra kanporatuta. Finalerdietan Mirenek penalizaziorik gabe bukatu du bere kanporaketa, ibilbide garbia eginez eta finalerako txartela irabaziz Chiara Sabattini italiarrarekin batera. Beti arriskutsua izaten den Jessica Foxek eta Alena Marx suitzarrak ezin izan dute txartela eskuratu.
Maialenek bigarren seriean hasi du bere ibilbidea eta final-laurdenetara igaro da Tereza Kneblova txekiarraren, Zuzana Pankova eslovakiarraren eta Kimberley Woods britainiarraren aurretik. Final-laurdenetan, berriz ere kanporaketako onena izan da, eta finalerdietara igaro da Camille frantziarrarekin batera. Tereza Kneblova txekiarrak eta Andrea Herzog alemaniarrak, berriz, agur esan diote txapelketari. Txapelketako azken-aurreko mailan Lasartekoak bere garaipen ibilaldiarekin jarraitu du, berriz ere azkarrena izan da, ibilbidea bikain burutuz eta finalerako txartela lortuz Olga Samkova txekiarrarekin batera. Noemie Fox australiarrak eta Camille Кent frantziarrak ezin izan dute aurrera egin.
Horrela, Miren Lazkano eta Maialen Chourraut finalera iritsi dira, Basque Teamentzat gutxienez domina bat ziurtatuta. Miren Lazkano izan da onena azken kanporaketan. Ametsezko denboraldi-hasiera batean urrea zintzilikatu du donostiarrak. Chiara Sabattini italiarrak eta Maialen Chourraut hiru domina olinpikoaren jabeak osatu dute podiuma. Olga Samkova txekiarra jaitsiera erabakigarrian zigortu dute, sailkapen baxuagoarekin (RAL) 16.23 arauan deskribatutako segurtasun neurriak ez betetzeagatik edo abantaila bidegabe bat lortzeko ateak mugitzeagatik.
Bestalde, Pau Echaniz gizonezkoen taldean lehiatu da bigarren seriean eta final-laurdenetarako txartela lortu du Ziga Lin Hocevar esloveniarrarekin batera, Jakub Grigar eslovakiarra eta Finn Butcher nezolandarra gaindituta. Final-laurdenetako bigarren saioan Pau bigarren helmugaratu da, Lin Ziga Hocevar esloveniarraren ondoren eta Martin Dougoud suitzarra eta Mateusz Polaczyk poloniarra jokoz kanpo utzita. Finalerdietan txartela eskuratu du Mathurin Madore frantziarrarekin batera, Hocevar esloveniarraren eta Jan Rohrer suitzarraren aurretik. Finalean Paueko kanala jatera irten da Echaniz eta garaipena eskuratu du, Matyas Novak txekiarrak, Madorek eta David Llorente segoviarrak baino hobeto eginda ibilbidea. Hirugarren egon den arren, gora egin du donostiarrak.
Asteburu honetan, kayak kroseko lehiaketaz gain, eslalomeko Munduko Kopa ere jokatu dute Pauen, kayak eta kanoan. Miren Lazkano bosgarren izan da kanoan eta Oier Diaz gaztea hamargarren. Kayakean Maialen Chourraut, Leire Goñi eta Pau Echaniz ezin izan dira finalerako sailkatu, 15, 51 eta 18 postuetan amaitu baitute hurrenez hurren.
Datorren astean Pragako Munduko Kopa jokatuko dute.