Biomekanika lantzen Basque Teamen: dominen bila, gorputzari entzuten
Imanol Arriortua eta David Mouriz txirrindulariak abuztuko Munduko Txapelketarako eta 2028ko Los Angeleseko Jokoetarako txartela lortzeko detaileak doitzen ari dira
Biomekanika txirrindularitzan giza gorputza nola mugitzen den aztertzen duen zientzia da, errendimendua optimizatzeko, lesioak prebenitzeko eta pedalei eragiteko eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Txirrindulariaren analisiari aplikatutako anatomia, fisiologia, fisika eta ingeniaritza ezagutzak eta bizikletarekin duen interakzioa konbinatzen ditu.
Jon Iriberri, Basque Team Zentroko goi mailako teknikaria, aditua da arlo horretan eta Movistar Team edo Jumbo-Visma bezalako talde eliteei aholkuak eman dizkie. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna, goi errendimenduko masterra du Coloradoko Estatuko Unibertsitatean, eta UCIko Txirrindularitzako Munduko Zentroko irakasle izandakoa da. Egunotan, Idoia Eskurza, Usue Zatika eta Mar García teknikariekin eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioarekin batera, biomekanikarekin laguntzen die Basque Team Fundazioko David Mouriz eta Imanol Arriortua bekadunei, Euskadiko goi-errendimenduko zentroan.
“Biomekanikak txirrindularitzari egiten dion ekarpenak funtsezko bi arlo ditu: alde batetik, bizikletaren gaineko posizioa optimizatzea, gehiago errenditzeko eta lesioak prebenitzeko edo lesioak sortzea ez eragiteko balio baitu. Eta aerodinamikarekin lotutako biomekanikaren ikuspegitik, helburua da ahalegin berarekin azkarrago joan ahal izatea eragin aerodinamikoagatik, airearen erresistentzia-koefizientea murrizteagatik eta, beraz, erresistentzia beraren aurrean abiadura handiagoa lortzeagatik” azaldu dio Iriberrik Basque Teameko komunikazio-taldeari.
David Mourizek saskibaloia bizikletagatik aldatu du. Saskibaloian bosgarren postua eta diploma lortu zituen 2012an Londresko Joko Paralinpikoetan eta zilarrezko domina 2016ko Rio de Janeirokoetan. Aurreko ziklo paralinpikoan bere kirol ibilbidearen norabidea aldatzea eta txirrindularitzarekin probatzea erabaki zuen eta, diziplina honetan berarentzat berritzaileak diren gaiak garatzeko denbora behar duen arren, aldaketa oso ona izan da, hainbat Munduko Kopatan podiumera igo baita jada team-relay proban. Basque Team Zentroan bere gorputzaren jarrera lantzen ari dira funtsean.
“Davidekin, bizikleta gainean daraman jarrera berezi samarra dela eta, propultsioa hankekin garatu beharrean besoekin garatzen delako, zenbait xehetasun daude. Agian, hauek dira garrantzitsuenak: airean sartzeko gaitasunaren eta buruaren posizioaren arteko oreka, nola doan, etzanda, eta, bestalde, indar egin ahal izateko, bizkarra eroso edukitzea. Bi faktore horiek uztartu behar dira, nolabait eroso senti dadin, indarra egiteko gaitasuna izan dezan, baina, gainera, haizearekiko erresistentzia handirik eskain ez dezan. Hiru faktore hauekin jokatuz aurkarien estandarretara hurbiltzeko zuen posizioa hobetzen saiatu gara” zehaztu du Jon Iriberrik.
Imanol Arriortua, bere aldetik, afizionatu mailako tropelean korritu zuen txirrindularia da, baina Stargardten gaixotasunak (%10etik beherako ikusmena du) ez zion bizikleta baten gainean bere potentziala erakusten uzten, testek emaitza onak eman arren. 2024ko apirilean Cofidis Promesas Paralinpicos taldean sartu zen. Ordura arte, inoiz ez zen tandem batean ibili eta Fran Rus, bere gidaria, ezagutu zuen Ostenden (Belgika) korritu zuen Munduko Kopako lehen hitzorduan parte hartu baino egun batzuk lehenago. Ia elkarrekin entrenatu gabe, bosgarren izan ziren errepideko esprintean eta hamaikagarren erlojupekoan. Handik gutxira Espainiako txapelketa irabazi zuten eta horrek Zuricheko Munduko Txapelketarako ateak ireki zizkien. Irailaren 23an erlojupekoa korritu eta brontzea lortu zuten, eta bi egun geroago, zilarra errepideko proban.
“Imanolen kasuan, eta tandem batean parte hartzen duenez, esan dezagun ia lan bikoitza dela, berez bi txirrindulari direlako, Imanol bera eta berarekin doan gidaria. Beraz, lan bikoitza egin behar da, txirrindulari horiek ahalik eta modu bateratuenean joka dezaten. Zailtasunak daude, mugitzeko aukera izan behar dutelako, baina, aldi berean, elkarrekin joan behar dutelako, erresistentzia aerodinamikoa ahalik eta txikiena izan dadin. Daviden kasuan bezala, bibliografiaren barruan lortu ditugun nazioarteko estandar onenetara hurbiltzen saiatzen ari gara, nolabait bermatzeko haiek ez dutela euren aurkariek baino ahalegin handiagoa egin behar, nahi duten abiadura lortzeko” dio Jon Iriberrik.
David eta Imanolentzat epe laburreko helburua deialdian sartzea da, abuztuaren 28tik 31ra Ronsen (Belgika) jokatuko den errepideko paratxirrindularitzako Munduko Txapelketan lehiatu ahal izateko. Epe ertain-luzerako helburuak estatuko egituran finkatzea eta 2026tik aurrera puntuak lortzea dira, hurrengo Jokoetan, Los Angelesekoetan, 2028an plaza bat ziurtatzen saiatzeko.
“Hobetzeko tartea handia da. Alde batetik, paralinpismoak oraindik ez dituelako jaso gaur egun ohiko txirrindularitzan aplikatzen ari diren hobekuntza guzti-guztiak. Bestalde, arauzko aldaketek txirrindularitza estandarrean dituztenak baino eragin handiagoa izaten dutelako, eta, beraz, posizioari, heldulekuei eta gainerakoei buruzko erregelamendu-aldaketa horiek jokoaren arauak nolabait aldatzea eragiten dietelako. Hirugarrenik, lana oraindik hasiberria denez, eta aplika dezakegun guztia aplikatu ez dugunez, adibidez orain arte erabili ez dituzten material berriak sartuz, horrek epe ertain-luzera garapen lan bat egitera garamatza, hemendik Los Angeleseko Jokoetara arte etengabeko hobekuntza egon dadin” esan du bukatzeko Basque Team Zentroko teknikariak.