Leire Olaberria txirrindulari ohiak bere historiaren errepasoa egingo du 'Geldiezinak' telesailaren seigarren atalean
23-azaroa-2023

Leire Olaberria txirrindulari ohiak bere historiaren errepasoa egingo du 'Geldiezinak' telesailaren seigarren atalean

Dokumental sorta osatzen duten 12 atalak igande goizetan eskaintzen dira ETB1eko “Helmuga” saioan (11:30)

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak bultzatutako “Geldiezinak” dokumental sortak Ikaztegietako txirrindulari ohiaren historia kontatuko du, ‘Leire Olaberria, iraultzarako gogoa’ izeneko kapituluarekin.

Joane Somarribaren figurak emakumeentzako bidea ireki zuen behin betiko errepidean, eta Leire Olaberriak Beijing 2008an pistan irabazitako brontzeak beste urrats bat suposatu zuen txirrindularitzan emakumezkoen profesionalizaziorako bidean. Emakumeek gizonezkoak berdindu dituzte txirrindulari lasterketa batzuetan: Frantziako Tourra, Giroa, Donostiako Klasikoa… Maila asko igo da, eta horren erakusgarri dira Herbehereetako txirrindularien erakustaldiak eta gure txirrindulari berriek goi mailako taldeetan betetzen duten papera: Ane Santesteban, Lourdes Oyarbide…

Kapitulu honetan Leire Olaberriak bere historia kontatzen du eta emakumeak kirol honetan izan duen bilakaeraz hitz egiten du, Dina Bilbao txirrindulari, triatleta, abenturazale eta bere erreferente handia aipatuz, Ainhoa Ostolaza eta Ainhoa Artolazabal aitzindariekin batera.

‘Geldiezinak-Imparables’ 

Europar Batasuneko Next Generation laguntzei esker finantzatutako “Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana”ren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizartea aberastuko duten ereduak sortu nahi izan ditu, batez ere, goi-mailako euskal kirolari onenetako batzuen iragana, oraina eta, kasu batzuetan, etorkizuna ikusaraziz.

Helburua da goi-mailako euskal kirolaren historian nabarmendutako emakumeen lana eta lorpenak balioestea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak erabaki du proiektua Basque Team Fundazioaren bidez gauzatzea. Horrela, azken urteotan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Fundazioak berak emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako politikak bultzatzeko hartutako ildoarekin jarraitzen da.

Alde batetik, ‘Korima Films’ek ekoitzitako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko da ETB-1en, igandeetan, 11:30ean, ‘Helmuga’ saioaren barruan. Gainera, formatu elebidunean banatuko da, azpitituluekin, Basque Team Fundazioaren gainerako kanaletan (youtube, webgunea eta sare sozialak) eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman. Kapitulu bakoitzak hamaika minutu inguruko iraupena izango du, eta protagonista nagusi bat, nahiz eta beste kirolari eta kirol-arloko pertsona batzuek ere lagunduko dioten. Hala, Ibone Belaustegigoitia, Joko batzuetan lehiatu den lehen emakume euskalduna, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabea, Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria eta Sara Carracelas olinpikoak, Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak, izango dira, besteak beste, protagonistak.

Kapitulu bakoitzean, emakumeen kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dira zeharka; esate baterako, amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta, kirol-erakundeetako erabaki-postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra, prestakuntza mentala, emakumea goi-mailan egotea erraztuko duten egituretan inbertitzeko beharra…

Dokumentalekin batera podcast sorta bat ere egin da, gai eta protagonista berberekin, eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Horiek EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira.

Basque Team Fundazioa

Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.

Honekin lotutako berriak

06-iraila-2024

Heïdi Gaugainek zilarrezko domina irabazi du errepideko txirrindularitzako C5 proban, hirugarrena Parisko Jokoetan

Informazio gehiago
21-ekaina-2024

Teresa Fernandez-Miranda ez da Budapesteko preolinpikoko BMX freestyle txapelketako finalera igaro

Informazio gehiago
28-urtarrila-2024

Ane Santestebanek, Basque Teameko beka duen txirrindulariak, bigarren amaitu du Women Cycling Pro Costa de Almeria  lasterketan

Informazio gehiago
08-otsaila-2023

Eukene Larrarte Basque Teameko pistako txirrindulariak zilarrezko domina lortu du Grenchengo Europako txapelketako scratch-ean

Informazio gehiago
13-azaroa-2022

Tania Calvo Basque Teameko txirrindulariak zilarrezko domina jantzi du aurtengo UCI Track Champions Leagueko lehen proban

Informazio gehiago
21-abuztu-2022

Lourdes Oyarbidek 25. eta Ziortza Isasik 77. postuetan amaitu dute errepideko txirrindularitza proba Municheko Europako txapelketan

Informazio gehiago