Basque Teameko Nadia Erostarbe surflariak WCTn debuta egin eta lehen kanporaketa gainditu du Lexus Pipe Pro proban
30-urtarrila-2025

Basque Teameko Nadia Erostarbe surflariak WCTn debuta egin eta lehen kanporaketa gainditu du Lexus Pipe Pro proban

Nadia Erostarbe

Zarauztarrak historia egin du, estatu mailan elitearekin, munduko zirkuitorik onenaren proba batean, lehiatu den lehen emakumea izan delako 

Nadia nekatuta eta penatuta zegoen bere surfik onena atera ezin izan duelako, baina oso ilusionatuta Hawaiko Lexus Pipe Pro txapelketan debutatu duelako, Munduko zirkuiturik zorrotzenean, WCTn.

“Oso egun berezia izan da niretzat, CTn debutatu dudalako. Oso egun polita izan da, baina urduritasun handia izan dut, hain lehiaketa garrantzitsuan ondo egin nahi nuelako. Pozik nago pasatzeagatik, baina nahiko nuke surf hobea erakutsi. Txanda zaila izan dut, 15 minutuko break batekin eta hasieran akats batzuk izan ditut, olatuak aukeratzerakoan. Nolanahi ere, txandaren amaieran, gogo handiz, egoerari buelta eman ahal izan diot. Bi olatu on hartu ditut eta bigarren postuan pasatu naiz. Hurrengo kanporaketan dena emateko gogoa dut”, adierazi dio Basque Teami jardunaldia amaitu ostean.

Zarauzko surflariak bigarren postua lortu du Lexus Pipe Pro txapelketako hasierako txandan, final-zortzirenetan postu bat bermatuz. Nadia Erostarbek aurrera atera du txanda, iraunkortasunari, fedeari eta amore ez emateari esker.

Gizonezkoen sei orduko lehiaketaren ondoren, haizea sartu da  eta serieek luze jo dute. Baldintza horietan iritsi da Nadiaren txanda, Caroline Marks eta Bella Kenworthy estatubatuarren aurka. Hau da, munduko txapeldun bat eta 18 urteko talentu gazte bat, CTrako sailkatu dena Ballito Pro irabazita.

Lehen 20 minutuetan bete egin da aurreikusitako gidoia, Caroline Marks izan da nagusi, zazpi puntuko olatuari esker, eta Kenworthy eta Erostarbe bigarren postua lortzeko lehian geratu dira.

Nadia urduri samar ibili da eta maniobra erraz samarretan eta olatuen aukeraketan huts egin du. Hala ere, amaierarako bost minuturen faltan, txandako olatu handienetako batek, bira bakarra, oso indartsua, egiteko aukera eman dio, eta epaileek laukoarekin baloratu dute, bigarren postuan jartzeko aukera emanez.

Amaierarako bi minutu besterik falta ez zirenean, Nadiak beste olatu bat zamalkatzeko aukera aprobetxatu du, eta backside surfing bat erakutsi du, hainbat maniobrarekin. Horrek aurrera egiteko emaitza eman dio. Caroline Marksek (AEB) 11.83ko emaitza izandu, Nadia Erostarbek (EUK) 7.17koa eta Bella Kenworthyk (AEB) 6.67koa. 

Aurreikuspenen arabera, ekaitza izango da Hawaiin datozen bi egunetan gutxienez, eta, beraz, txapelketak etenaldia izango du. Ondoren, beste egun bat beharko dute gaur hasi den nesken txanda eta 2. txanda bukatzeko. Beraz, Nadia Erostarbek eta Guillermo Gutierrez entrenatzaileak atseden egun batzuk izango dituzte.

Honekin lotutako berriak

04-maiatza-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko surflariak historia egiten jarraitzen du, Snapper Rocksen hirugarren amaituta eta Munduko top 10ean sartuta

Informazio gehiago
31-martxo-2026

“Zenbat eta euskaldun gehiago hor goian, gero eta hobeto”

Informazio gehiago
31-martxo-2026

“Helburu asko geratzen dira oraindik, hala nola Jokoak eta CT zirkuitua; pausoz pauso, sentitzen dut gero eta gertuago gaudela”

Informazio gehiago
29-martxo-2026

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Adur Amatriain surflariak, Europako txapeldun 

Informazio gehiago
14-martxo-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak historia egin du berriro, Championship Tourrerako, munduko surfaren maila gorenerako, sailkatu baita

Informazio gehiago
18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago