Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak irabazi du Qualifying Serieseko Boardmasters Yeti Pro txapelketa
06-abuztu-2026

Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak irabazi du Qualifying Serieseko Boardmasters Yeti Pro txapelketa

Janire Gonzalez-Etxabarri

World Surf Leagueko (WSL) Qualifying Serieetako (QS) YETI Pro QS 4.000 txapelketa atzo hasi zen Fistral Beach-en, Cornwall-en (Ingalaterra), gizonezkoen eta emakumezkoen hiru kanporaketa burututa. Olatu txikiei eta haizeari aurre egiteko, bi lehiaketa-gune egokitu ziren aldi berean, eta, horri esker, bi txanda lehiatu ahal izan ziren aldi berean. Gaur antzeko estrategia jarri dute martxan eta 06:00etan egin dute deialdia (GMT+1), YETIk aurkeztutako Boardmasters Longboard Pro txapelketa hasi aurretik QSko irabazleak koroatzea baitzen antolakuntzaren helburua.

Hala gertatu da, eta emakumezkoen koadroan Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra izan da txapelduna, iaz txapelketa irabazi zuen behe ahizpa Annetteri lekukoa hartuta. Basque Teameko kirolariak erakutsi du denboraldi honetan jasan dituen eragozpenak iraganeko kontuak direla, eta gainera arantzatxoa atera du Challenger Serieetako  zirkuituan jokatu dituen azken txapelketengatik: Hegoafrikako Ballito Pro eta Huntington Beacheneko Lexus US Open.

AEBko ekitaldiaren ondoren atseden hartzeko ia denborarik gabe, etxean egun pare batekin, gipuzkoarrak Cornwallera bidaiatu du euskal surflari ugari bildu dituen lehiaketari aurre egiteko. Janirek, egungo Munduko txapeldunak, ez ditu emakumezkoen koadroko lehen bi kanporaketak jokatu behar izan, eta 32 onenen artean sartu da gaur lehian. Bere txandako onena izan da, 10.17ko puntuazioarekin, eta Clemence Schorsch frantziarra (6.00), Erica Maximo portugaldarra (5.43) eta Willow Smith britainiarra gainditu ditu.

Final-laurdenetan kanporaketa konplexuagoa izan da. Janirek bigarren postua lortu du 13.17ko puntuazioarekin Tiara Van Der Huls holandarraren (14.24) ondoren, eta Ainhoa Leiceaga (8.44) Iparraldeko surflaria eta Camilla Kemp alemaniarra (4.67) kanporatu ditu. Arnasa hartzeko astirik gabe iritsi da eguneko hirugarren kanporaketa, finalerdiak, lau surflari hartu dituen txanda batean. Clemence Schorsch frantziarraren olatuak izan dira onenak, 13.33ko puntuazioa lortuta, eta Gonzalez-Etxabarrik, 11.50eko emaitzarekin, jarraitu dio. Van Der Huls nederlandarrak eta Sarah Leiceagak, Ainhoaren ahizpa txikiak, agur esan diote lehiari txanda horretan.

Finalean, Nahia Milhau frantziarra 4.97ko eta 5.23ko olatuekin ondo hasi bada ere, Janire Gonzalez-Etxabarrik 5.50eko olatu batekin erantzun du, eta handik gutxira 6.60ko beste batekin. Sol Borelli, Lanzaroten jaio baina Perun kirol arloan garatu den surflaria, 7.26ko puntuazioarekin, ez da zumaiarraren mailara iritsi, eta Schorsch frantziarrak laugarren bukatu du, interferentziengatik zigortuta.

Gaurkoa Janire Gonzalez-Etxabarriren bigarren garaipena da Qualifiying Serieen aurtengo zirkuituan, Pro Taghazout Bay txapelketan lortutakoaren ondoren. 2026ko Challenger Serieetan, oraingoz, 17. postua  poltsikoratu du Ballito Openean eta 33.a Lexus US Openean.

Basque Teameko bekadunen artean, Kai Odriozolak 7. postuan bukatu du, Andy Crierek 13.ean, Yago Dominguezek 17.ean eta Ruben Vitoriak 33.ean. Hans Odriozolaren bosgarren postua ere nabarmentzekoa da.

Horrez gain, emakumezkoen koadroan, Ariane Ochoa bikaintasun proiektuko kideak bederatzigarren amaitu du.

Honekin lotutako berriak

15-azaroa-2026

Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak brontzea lortu du Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
15-azaroa-2026

Hans Odriozola eta Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflariek aukerekin ekingo diote azken jardunaldiari, oraindik Munduko Txapelketako lehiaketa nagusiaren barruan

Informazio gehiago
14-azaroa-2026

Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Hans Odriozola dira Punta Rocaseko Munduko Txapelketako lehia nagusian aurrera jarraitzen duten hiru euskal surflari bakarrak

Informazio gehiago
12-azaroa-2026

Ruben Vitoria eta Kai Odriozola Basque Teameko kirolariak Punta Rocaseko Munduko Txapelketako bosgarren kanporaketarako sailkatu dira errepeskan

Informazio gehiago
12-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek aukerekin jarraitzen dute Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
10-azaroa-2026

Euskal surflari guztiek jarraitzen dute lehian Punta Rocaseko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago