Basque Teameko Higinio Rivero piraguistak brontzea irabazi du Raciceko Europako Txapelketan
Bizkaitarra podiumeko hirugarren tokira igo da VL2-200 metroko proban
Higinio Riverok hirugarren metal preziatuena eskuratu du Racicen (Txekiar Errepublika) jokatu den parakanoeko Europako txapelketan. Basque Team Fundazioaren beka duen kirolariak denboraldiko hitzordu hau, bere udako egutegian nagusiena, mimoz prestatu du, eta helburuak bete ditu, bere palmaresari domina berri bat gehituz.
Rivero hirugarren kaletik lehiatu da VL2-200 metroko proban, eta 55.202ko denborarekin helmugaratu da, ia zilarrezko domina urratuta, Edward Clifton britainiarrarekin lehia estuan. Probako irabazleak, Norberto Mourao portugaldarrak, beti kontuan izan beharreko aurkariak, 54.235eko markarekin lortu du garaipena, Cliftonek 55.062ko denborarekin (+0.827) eraman du zilarra eta Riverok aipatutako 55.202rekin (+0.967) erdiesti du brontzea. Atzerago geratu dira Andrii Kryvchun ukrainarra, Miroslav Sperk txekiarra, Marius Ciustea italiarra eta Robert Suba hungariarra.
“Aurreko bi urteekiko aldaketa batzuk egin ditugu paleatzeko moduan, teknika eta taktika leuntzeko, eta kasu honetan oso ondo atera zaigu. Oso gertu gaude indartsu dagoen jendearengandik, uretan aurten nik baino ordu gehiago daramaten arren. Alderdi teknikoagoak eta posiziokoak lehenetsi ditugu, eta ondo joan zaigu. Etorkizun baterako jarraitu beharreko bidea dela uste dugu. Oso pozik nago” adierazi dio Basque Teameko komunikazio arduradunari proba amaitzean.
Gaurkoa laugarren domina kontinentala da bizkaitarrarentzat, 2021ean Poznanen eta 2022an Munichen bereganatutako zilarren eta 2023an Monmiedo O Velhoren lortutako brontzearen ondoren. Gainera, Higiniok zilarrezko domina bat du 2021eko Kopenhageko Munduko Txapelketan eta diploma olinpiko bat Tokioko Jokoetan egindako seigarren postuagatik. 2024ko Pariseko hitzordu paralinpikoan bederatzigarren amaitu zuen.
Higiniok parakanoean, udako kirolean, duen lehia Milan-Cortina d ‘Ampezzoko neguko Jokoekin bateratzen du. Joko horietan iraupen-eskian eta parabiatloian parte hartu nahi du. Neguan kanoa prestatzeko osagarri gisa hasi zuena, beste erronka bat bihurtu da bere kirol-ibilbidean, gero eta egingarriagoa den helburua.