Basque Teamek agur hunkigarria egin die Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra hockey jokalariei
Maria Lopez de Eguilazek goi mailako lehiaketa utziko du; Rocio Ybarrak, berriz, Jolasetan jarraituko du baina ez du nazioarteko partida gehiagorik jokatuko
Bilbo, 2017ko azaroaren 14an. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendaria den Jon Redondok lagunduta, Maria Lopez de Eguilaz eta Rocio Ybarra belar-hockey jokalariek agur beroa jaso dute Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Nazioarte mailan arrakasta itzela izan duten euskal jokalariek Basque Teamekin goi mailako kirolari gisa duten harremanarekin amaituko dute. Harreman hori 2008an hasi zen.
Mariak lehiatzeari utziko dio goi mailako kirolean 13 urte eman ondoren, bizitza pribatuari tarte handiagoa eskaini nahi diolako. Rociok, berriz, ez du nazioarte mailan lehiatzen jarraituko selekzio absolutuarekin 266 partida jokatu eta gero. Dena den, bere oraingo klubarekin jokatzen jarraituko du, Jolasetarekin.
Biak gorengo mailara iritsi dira kirolean. Mariak birritan parte hartu du Olinpiar Jokoetan (Beijing 2008 eta Rio de Janeiro 2016) eta bi diploma eskuratu ditu. Rocio hiru Olinpiar Jokotan lehiatu da (Atenas 2004, Beijing 2008 eta Río de Janeiro 2016) eta bi diploma irabazi ditu.
Euskadin sakon errotuta dagoen kirol baten estandarte izan dira bi bizkaitarrak. Bartzelonan 1992. urtean ospatutako jokoek hockeyaren tradizioa bizitu zuten. Emakumezkoen hockeyarentzat aurrerapausoa suposatu zuten. Nagore Gabellanes, Teresa Motos, Maider Telleria eta Silvia Manrique euskaldunen parte hartzea izan zuen taldeak urrezko domina eraman zuen Joko batzuetan egindako estreinaldian.
430 lizentzia federatibo soilik izanda, selekzioak ezustekoa eman zuen. Anfitrioiak izateagatik lortu zuten sailkapena, baina munduko potentzia nagusiak hartu zituen mendean: bidean Australia gainditu zuten eta finalean Alemania.
Emakumezkoen hockeyarentzat pauso itzela izan zen, baita orokorrean emakumezkoen kirolarentzat ere. Ondoren 1996ko Atlantako Jokoen eta 2000ko Sydneyko Jokoen diplomak heldu ziren (azken hauetan 4. postuan amaituta) biata Beijing 2008ko eta Rio 2016ko diplomak ere. 2012an Londreseko Jokoetarako ez sailkatzea izan zen desengainu bakarra.
María Lopez de Eguilazek eta Rocio Ybarrak emakumezkoen hockeyak gurean izan duen ibilbide oparo horretan euren harri koskorra jarri dute eta horren truke gaur merezitako omenaldia jaso dute, Eusko Jaurlaritzak babestuta.