Anne Fernandez de Corresek eta Lidek eta Amaia Erbinak Italiaren aurkako partida irabazi dute eta Europako Jokoetan bosgarren edo seigarren postua lortzeko borrokatuko dira arratsaldean
Amaia ErbinaAnne Fernández de Corresek eta Lide eta Amaia Erbina ahizpek osatutako errugbi selekzioak irabazi du Polonian jokatzen ari diren Europako Jokoetako bosgarren postutik zortzigarrenera arteko borrokari dagokion partida, Italia 38-0 azpiratu ondoren.
Ignacio Martin donostiarrak zuzentzen dituen emakumeek txapelketako faboritoen esentzia berreskuratu dute, eta euren aurkaria garbi menderatu dute, multzoen fase osoan zehar egin zuten bezala.
Lehen zatian gupidagabeak izan dira, Lide Erbina eta Anne Fernández de Corresen partaidetza handiarekin. Biek ala biek entsegu bana lortu dute eta gainera arabarrak markagailua konbertsio batekin itxi du atsedenaldira 0-12ko emaitzarekin joateko. Bigarren zatian, Espainiako taldearen zapalgailuak puntuak lortzen jarraitu du, Italiari arnasik eman gabe, eta 0-38ko emaitzarekin eta nagusitasun nabarmenarekin amaitu du norgehiagoka.
Taldeak ezin du oraindik sinetsi Txekiaren aurkako atzoko porrotagatik amets olinpiko barik geratu izana. “Triste eta burumakur gaude kolpe oso gogorra izan delako. Inork ez zuen hau espero. Denok genituen itxaropen handiak, eta oso kolpe latza izan da. Orain elkar babestu behar dugu eta inoiz baino lotuago edo gertuago egon. Oso gogorra izan da gaur esnatzea, asimilatzea, berotzea eta berriro jokatzea. Sentsazio onekin atera gara, baina amorru eta ezintasun handia geratzen da. Talde ona garela eta hor goian egotea merezi genuela erakutsi nahi dugu, baina argi geratu da ezer ez dela erraza. Esperientzia honetaz gozatzen saiatzea geratzen zaigu behintzat” adierazi dio Lide Erbinak Italiaren aurkako partida bukatzean Poloniara joandako Basque Teameko komunikazio taldeari.
Gaur arratsaldean, 19:30etan, Alemaniaren aurka jokatu beharko dute Krakoviako Henryk Reyman estadioan, txapelketako 5. eta 6. postuetarako lehian.