Ainhoa Murua triatleta ohia protagonista,
07-abendua-2023

Ainhoa Murua triatleta ohia protagonista, "Geldiezinak" telesailaren zortzigarren atalean

Ainhoa Murua

Dokumental sorta osatzen duten 12 atalak igande goizez eskaintzen dira ETB1eko “Helmuga” saioan (11:30)

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak bultzatutako “Geldiezinak” dokumental sortak Ainhoa Murua triatleta ohia du protagonista, “Ainhoa Murua, erresistentzia gaitasuna” izeneko emanaldiarekin.

Zarauztarra lau Olinpiar Jokotan lehiatu zen, exijentzia maila altuko kirol batean, triatloian. Kirol mota hauetan, zer berezitasun ditu emakumeen goi errendimenduak? Nola eragin dezake, adibidez, prestakuntzak hilekoan eta alderantziz, eta zer ondorio ditu? Prestakuntzak desberdina izan behar du emakumeen kasuan, haien fisiologia kontuan hartuta?

Kapituluan, Ainhoaren historia kontatzeaz gain, lehen aipatutako gaiak aztertuko dira, Virginia Aparicio Gorputz Hezkuntzan eta Nutrizioan doktore eta Fisiologian katedradunaren laguntzarekin.

‘Geldiezinak-Imparables’

Europar Batasuneko Next Generation laguntzei esker finantzatutako “Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana”ren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizartea aberastuko duten ereduak sortu nahi izan ditu, batez ere, goi-mailako euskal kirolari onenetako batzuen iragana, oraina eta, kasu batzuetan, etorkizuna ikusaraziz.

Helburua da goi-mailako euskal kirolaren historian nabarmendutako emakumeen lana eta lorpenak balioestea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak erabaki du proiektua Basque Team Fundazioaren bidez gauzatzea. Horrela, azken urteotan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Fundazioak berak emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako politikak bultzatzeko hartutako ildoarekin jarraitzen da.

Alde batetik, ‘Korima Films’ek ekoitzitako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko da ETB-1en, igandeetan, 11:30ean, ‘Helmuga’ saioaren barruan. Gainera, formatu elebidunean banatuko da, azpitituluekin, Basque Team Fundazioaren gainerako kanaletan (youtube, webgunea eta sare sozialak) eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman. Kapitulu bakoitzak hamaika minutu inguruko iraupena izango du, eta protagonista nagusi bat, nahiz eta beste kirolari eta kirol-arloko pertsona batzuek ere lagunduko dioten. Hala, Ibone Belaustegigoitia, Joko batzuetan lehiatu den lehen emakume euskalduna, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabea, Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria eta Sara Carracelas olinpikoak, Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak, izango dira, besteak beste, protagonistak.

Kapitulu bakoitzean, emakumeen kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dira zeharka; esate baterako, amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta, kirol-erakundeetako erabaki-postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra, prestakuntza mentala, emakumea goi-mailan egotea erraztuko duten egituretan inbertitzeko beharra…

Dokumentalekin batera podcast sorta bat ere egin da, gai eta protagonista berberekin, eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Horiek EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira.

Basque Team Fundazioa

Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebista (EiTB) erakunde publikoak. Hasieran bezala, BASQUE TEAMen helburua baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak (medikoak, teknikoak, psikologikoak, komunikaziokoak, laneratzekoak eta ikasketen arlokoak…) ematea da, profesionalak ez diren euskal kirolariei, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketarik gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko.

Honekin lotutako berriak

13-maiatza-2024

BAT TO PARIS (kapitulo 3): Paratriatloia / ‘Etengabeko hasi-beharra’

Informazio gehiago
09-maiatza-2024

‘BAT To Paris’ saioaren hirugarren atalak Rakel Mateo paratriatletaren hobetze-istorioa kontatzen du

Informazio gehiago
16-abendua-2022

“Ametsak hor daude haiengan pentsatzeko, eta hortik bizi naiz”

Informazio gehiago
24-azaroa-2022

Rakel Mateo Basque Teameko paratriatletak bosgarren postuan amaitu du Abu Dhabiko Munduko Txapelketa

Informazio gehiago