Ager Solabarrietak tiro egokituko Munduko txapelketa irabazi du
Basque Teameko bikaintasun proiektuako tiratzaileak urrea irabazi du Al Ainen (Arabiar Emirerri Batuak), hamar metrokoan, aire karabinarekin, ikusmenean desgaitasuna duten pertsonen kategorian
Bere jantzi berezia gainean zuela, bost kiloko aire konprimatuzko karabinarekin, eta kontzentratzeko gaitasun ikaragarriarekin, Ager Solabrrietak zehaztasun harrigarriarekin entzuten du eta bala bakoitza hamar metrora dagoen diana batean iltzatzen du. Maite Badiola bere gidari eta bizitzakidearen laguntza paregabearekin, Ager Solabarrietak urrea eskuratu du gaur Al Ainen (Arabiar Emirerri Batuak) jokatu den Munduko Txapelketan.
Orain arte Ondarroako kirolariaren lorpenik handiena izan da. Joan den martxoan Europako txapeldun ere izan baitzen modalitate berean. Munduko txapelketa honetan zutikako proban seigarren izan zen, baina podiumaren gorenera igotzeko bigarren saiakeran arantzatxoa atera ahal izan du.
Sailkatze txandan hirugarren geratu da 618.2 puntu pilatuta eta zortzi onenen artean sartu da horrela. Bere karabinak mira teleskopiko berezi bat dauka, dianatik argiaren erreflexua hartzen duena eta entzungailu batzuen bidez entzuten duen intentsitate handiagoko edo txikiagoko soinu bihurtzen duena. Finalean bigarren jarri da lehen bost jaurtiketen ondoren, eta bigarren txandan lehen postuari eutsi dio, bertan jarraitzeko amaierara arte. Zilarra lortu duen Grzegorz Klos poloniarra gogor borrokatu den arren, bizkaitarrak ez du etsi eta garaipena lortu du 245.8 punturekin.
Kasualitatez ezagutu zuen kirol hau, 2004an ONCEren Bilboko egoitzara ordenagailuarekin moldatzen ikastera joan zenean eta lagun batek tiro batzuk ematera zihoala esan zionean. Une hartan txantxetan ari zela pentsatu zuen, baina bere jakin-minak eraikineko sotora laguntzera bultzatu zuen, eta probatu zuenean liluratuta geratu zen. Umetan futbolean jokatzea gustatzen zitzaion eta errugbian aritu zen eskuineko belaunean min hartu zuen arte. 16 urte zituenetik aurrera, begietako argia itzaltzen joan zen pixkanaka, gaixotasun degeneratiboa, erretinosi pigmentarioa eta distrofia makularra, fotofobia eta kataratak dituelako.
Gaurkoa bere bosgarren nazioarteko domina da: Munduko Kopan hiru zilarrezko irabazi ditu, bat Osijeken (Kroazia) 2019an eta bi Châteaurouxen (Frantzia) 2022an, baita aurtengo urrea ere Hamarreko Europako Txapelketan (Norvegia)