Hego Poloa, lehen helburua poltsikoan
29-abendua-2011

Hego Poloa, lehen helburua poltsikoan

2.000 kilometro baino gehiago behar izan dituzte Iñurrategi, Vallejok eta Zabalza Hego Polora iristeko

Abentura hasi eta 44 egunera Alberto Iñurrategik, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak Hego Polo geografikora iristea lortu dute. 2.200 kilometroko zeharkaldi gogorra izan da antartikako izotzean, askotan haizea kontran, leretarako lur-eremu desegokian eta muturreko tenperaturekin, 45 gradu zero azpikoa zenbaitetan. Ezarritako helburuaren lehendabiziko atala bete dute eta aurretik beste 1.200 kilometro dituzte kontinente izoztua alderik alde zehartzeko.

Antartika, Hegoa 90º. 2011ko abenduaren 29an. Espedizioaren 44. Eguna.Gaurko 9:15etan (bertako orduan, 10:15etan Euskadin), hain justu Amudsen eta bere gizonek lehen aldiz Hego Polora iritsi zirenetik 100 urte eta 15 egun geroago, NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 espedizioak lurreko punturik hegokoenera iristea lortu du, eta bide batez, espediziokideek gizakiarekin kontaktua berreskuratu dute: Novolazarevskaya baseko errusiarrak orain hilabete terdi agurtu zituzten eta oraingoan Amundsen-Scott base estatubatuarreko lagunek egin diete harrera hain modu ezhoikoan heldu diren mendizaleei, haizeak mugitutako leren gainean.

Loiutik azaroaren 11an atera ziren Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza, eta bost egun geroago Antartikako izotzetan estreinatu ziren 10 kilometroko jardun gogorrarekin, tartean 800 metro desnibela gaindituz, eta bidelagun izan dituzten ezbeharrak gertu-gertutik ezagutuz: sastrugiak edota haizeak izotzean sortzen dituen pitzadurak, lerak arrastaka eramatea erabat zailtzen dutenak. Hala ere, lur-eremuaren irregulartasuna ez da areriorik handiena izan, bost egun geroago ikusteko aukera izan zuten bezala: Juan Vallejoren lera, elurrak estalitako 30 metroko sakonerako zulo batean desagertu zen bapatean eta gasteiztarrak pitzaduraren sarreran eutsi behar izan zion 170 kiloko pisuari gerritik helduta, taldekideak etorri eta arnesa moztu arte.

Asteak joan asteak etorri, BAT Basque Team-eko taldeak aurre egin behar izan die baldintza eskasei eta batez ere 2.500 metroko desnibelari, itsasoaren mailan hasi eta antartikako lautadaraino, bertan kokatzen baita Hego Polo geografikoa. Haizearen baldintzak ez dira beti onak izan, motelegi zenbaitetan eta beste batzuetan egundoko ekaitzekin batera, kometak erabiltzea galeraziz eta hirukotea denda barruan egotera behartuz.

Behin baino gehiagotan hiru alpinistek ez dute kilometro bat bera ere egiterik izan eta beste batzutan haizearen indar eskasak sekulako esfortzua egitera behartu ditu, leretatik tiraka 10-20 kilometro egin ahal izateko sekulako jipoia hartuz. Hau guztia muturreko baldintzekin, uda antartikara iritsi berri den arren, Iñurrategik Vallejok eta Zabalzak 45 gradu zero azpiko tenperaturak izan dituzte, komunikazio lana ere asko zailduz.

Zailtasun guztiak gaindituz, NATURGAS/BBK 2011 espedizioak atsedena hartzeko aukera izango du gaur, labur bada ere, eta zeharkaldiaren bigarren txanpari ekingo diote berehala: Hego Polotik Herculeseko Badiara dauden 1.200 kilometroak bete ahal izateko.

Albistea jakin eta berehala, hamaika zorion agur heldu dira BAT Basque Team fundazioaren egoitzara. Eusko Jaurlaritza Kultura Sailburuak, Blanca Urgellek, telefonoaren bitartez egin du bat mendizaleekin eta Gobernuaren eta Lehendakariaren izenean zoriondu ditu lortutako balentriagatik.

Honekin lotutako berriak

14-uztaila-2026

Basque Teamek 81 kirolari bekatuko ditu 2026an

Informazio gehiago
16-ekaina-2026

Larru berria, amets bera: Basque Teamek ekipamendu berria aurkeztu du LA28ko ziklorako

Informazio gehiago
18-maiatza-2026

ZORU PELBIKOA: Aktibazioa eta erlaxazioa

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

ZIKLO MENSTRUALA: Beharrezkoa osasunerako eta errendimendurako

Informazio gehiago
12-maiatza-2026

Taburik eta isilunerik gabe, GELDIEZINAK-IMPARABLES proiektuak emakumeen kirola eraldatzeko lanean jarraitzen du

Informazio gehiago
08-maiatza-2026

‘Matx’ podcastaren, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saioaren, bigarren denboraldia hasiko da

Informazio gehiago