Maialen Chourrautek bereganatu du Rioko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko txartela
2015eko Londreseko Munduko Txapelketan piraguismo eslaloneko Espainiako taldeak olinpiar plaza lortu zuen emakumezkoen K1 kategorian (Maialen Chourraut ek eta Irati Goikoetxeak lortutako postuek plaza ematen zuten) baina oraindik erabaki barik zegoen nork beteko zuen plaza hori. Asteburu honetan Seu d´Urgellen egindako hautaketa probetako jaitsieren ondoren, Maialen Chourrautek poltsikoratu du Rio de Janeiron lehiatzeko pasea. Maialenek hiru hobari edo sari zituen 2015ean egindako denboraldi bikainagatik: Europako Txapelduna izan zen, bosgarrena Munduko Txapelketan, urre bat eta bi zilar irabazi zituen Munduko Kopan eta finalera iritsi zen jokatutako txapelketa guztietan.
Gauzak horrela, Lasarte-Oriakoa hautaketa probetara joan da lehiakideekiko abantaila batzurekin. Asteburu honetan berarekin lehiatu dira Irati Goikoetxea, Marta Martinez eta Nuria Villarrubla, besteak beste. Atzoko bi jaitsieren eta gaurko beste bi jaitsieren ostean, Maialenek Rioko Jokoetan parte hartzeko txartela matematikoki lortu du. Han egungo Europako txapelduna urreagatik borrokatuko da. Londreseko Jokoetan brontzezko domina eskuratu zuen. Palista gipuzkoarrak jasotako laguntza eskertu du eta Jokoetan bihotzez ahaleginduko dela azpimarratu du.
Hautaketa probrek datorren asteburuan jarraituko dute Paun, beste bi jardunaldirekin. Hantxe erabakiko da nortzuek osatuko duten talde espainiarra denboraldiko beste proba batzuei begira.