Asier Garcia eta David Mouriz finalerdietara pasa dira Alemaniari 71-68 irabazi ostean
01-iraila-2021

Asier Garcia eta David Mouriz finalerdietara pasa dira Alemaniari 71-68 irabazi ostean

Asier Garcia

Gurpildun aulkiko saskibaloiko estatuko selekzioak, Asier Garcia eta David Mouriz taldean dituela, Tokioko Jokoetako finalerdiak jokatuko ditu, emozio eta tentsioz beteriko partida batean Alemaniari espero baino arazo gehiagorekin irabazi ostean. Oscar Trigok zuzentzen duen taldeak aurrera egin du hurrengo fasera, baina sufritu egin du 71-68 azpiratzeko Alemaniako selekzioa.

Gogoratu behar da Asier Garcia eta David Mourizen konbinatua partida guztiak irabazita iritsi dela final-laurdenetara. Lehenengo Korea garaitu zuten, ondoren Kanada, Kolonbia eta Turkia, eta horrekin final laurdenetarako txartela ziurtatu zuten. Beranduago, Japoniaren aurka, beste garaipen bat lortu zuten (79-61), aurrerantzean gurutzaketa erosoago bat izateko, multzoko lehen talde bezala aurrera egitea suposatu ziena. Alemania, aldiz, final-laurdenetara iritsi zen, bide konplexuago edo zailago bat eginez, B multzoko laugarren bezala, bi garaipen eta bi porrotekin.

Ariake Arenako gaurko partida oso lehiatua izan da hasieratik. Alemaniak eman ditu lehenengo kolpeak eta markagailuan aurretik jarri dira germaniarrak, Espainiak lehen hamar puntuak lortu dituen arte. Ordutik aurrera, baina distantzia txikiarekin, aurretik joan dira espainiarrak lehen laurdenean, 21-19koarekin bukatu arte.

Bigarren partzialak tonu berari eutsi dio. Alemaniarrek presioa egin dute Espainia geldiarazteko, eta erasoan ere ondo aritu dira. Aldea murrizten joan dira eta 25eko berdinketara iritsi dira. Une horretan Trigoren mutilek erreakzionatu dute eta egoera zuzendu ahal izan dute, atsedenaldira sei puntuko abantailarekin helduz: 40-34.

Hirugarren laurdenean zehar emaitza dantzan ibili da, baina Asier eta Mourizen taldea izan da nagusi. Horrela iritsi da azken laurdenaren bukaerara, aldeko 54-48ko emaitzarekin.

Partidako azken zatia bizkorra izan da. Alemaniak bere aukerak galduko zituela ikusten zuen, baina ez zuen amore eman nahi. Nicolai Zeltinger entrenatzaile alemaniarra partida desorekatzen ere saiatu da, Asier Garciaren aulkia araudian baimendutakoa baino altuagoa zela argudiatuta, baina epaileek ez dute bere eskaera onartu. Une horretatik aurrera, Espainia, Asier Garcia amorratu batekin gidaritzan, esperientziatik tiraka aritu izan da partida aurrera ateratzeko. Alemaniaren hiruko azken jaurtiketa ere ez da sartu, eta 71-68koa ez da markagailutik mugitu.

“Alemania talde handia da, Munduko edozein selekziori irabazteko gai dena, eta azken bost minutuak kontrolpean genituela uste genuen arren, euren kalitatea atera dute, hirukoak sartu dizkigute, mugara eraman gaituzte, baina partida eramaten jakin dugu, beraz, oso pozik”, adierazi dio Asierrek Basque Teameko komunikazio taldeari.

Finalerdietan AEBen aurka arituko dira, iparramerikarrek Turkia gainditu baitute final-laurdenetako norgehiagokan. AEBak izan ziren Espainiaren aurkariak 2016an Rio de Janieroko Jokoetako finalean. Orduan Asier Garcia eta David Mourizen taldeak zilarra eskuratu zuen.

“Defentsa mailan onenak dira, beraz, jakin behar dugu buruarekin jokatu behar dugula eta saskiratzerik lortuko ez dugun uneak egongo direla onartu behar dugu, zentzu horretan Munduko onenen aurka jokatuko dugulako”, baieztatu du Asier Garciak.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago