Basque Teameko Janire Gonzalez-Etxabarri surflariak brontzea lortu du Punta Rocaseko Munduko Txapelketan
Hans Odriozolak laugarren postuan bukatu du gizonezkoen koadroaren finala
Janire Gonzalez-Etxabarri eta Hans Odriozola argi propioz aritu izan dira Peruko Punta Rocas herrian jokatutako World Surfing Games txapelketan, 2028ko Los Angeleseko Jokoetarako lehen proba puntuagarrian. Zumaiarra bigarren urtez jarraian igo da podiumera. Ezin izan du iaz El Salvadorren lortutako titulua berretsi, baina brontzezko domina eskuratu du. Hans Odriozolak, bere aldetik, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin du eta merituzko laugarren postuan bukatu du.
Janire Gonzalez-Etxabarri surflari aplikatua, talentuduna eta saiatua da. Zerbait buruan sartzen zaionean, ez da bere helburua lortu arte gelditzen. Nahiz eta Punta Rocasen bederatzi egunez goi mailako surf txapelketa jokatu ondoren neke handia pilatu duen, gipuzkoarra uretan sartu da txapelketa nagusiko zazpigarren kanporaketan, iazko garaipena eta 2024an Pariseko Jokoetarako sailkapena ez zirela kasualitate hutsa izan erakusteko. Basque Team Fundazioaren beka jaso duen kirolariak 15.14ko puntuazioarekin irabazi du txanda, Sawyer Lindblad (15.03) eta Gabriela Bryan (14.33) estatubatuarrei eta Joahanne Defay (11.7) frantziarrari gailenduta.
Finalean, zumaiarrari olatu bat joan zaio hasieran, zeozer gehiago lortzeko modukoa, baina azken zatian egoera bideratu du, zamalkada on batekin. Epaileek emozioa eman diote azken emaitzari, Janireren azken olatua eta baita Leihani Zoric australiarrarena ere 30 minutuko seriearen denboratik kanpo puntuatuz. Horrela, Zoricek urrezko domina eskuratu du (15.5), Johanne Defay frantziarrak zilarrezkoa (14.67), Janirek brontzezkoa (13.63) eta laugarren postua Sawyer Lindbland estatubatuarrarentzat izan da (10.5).
Odriozola anaietako gazteenak ere txapelketa nagusiko zazpigarren kanporaketa gainditu behar izan du finalera zuzenean iritsi ahal izateko, errepeska pasatu gabe. Gainera, bere adinerako oso egokia ez den garrarekin eta aurkari zailen aurrean egin du. Aurrean bi perutar zituen, Lucca Mesinas eta Miguel Tudela, harmailak betetzen zituen herriko zaletasunaren berotasun guztia zutenak, eta Leonardo Fioravanti italiarra. Donostiarra, kikildu beharrean, gora etorri da, eta publikoaren txalo zaparrada ere eskatu du, zortzitik gorako bere lehen olatu puntuatua surfeatu duenean. Horrela, Hans 16.93ko emaitzarekin pasa da finalera, txanda irabaziz, Miguel Tudela perutarraren (13.83), Leonardo Fioravanti italiarraren (12.57) eta Luca Mesinas lokalaren aurretik.
Konfiantzaz ekin dio finalari, baina oraingoan gauzak ez dira nahi bezala atera. Azken borrokan indarrak neurtu ditu berriro bi perutarrekin. Tudela, berarekin batera zazpigarren txandan aurrera egin duena, eta Mesina, txapelketa nagusira errepeskaren bidez itzuli dena. Odriozola saiatu da, harmailetan anaia Kairen bultzada zuela, baina aukeratutako olatuak ez dira nahikoak izan podiumera igotzeko. Ethan Ewing australiarrak lortu du urrea (10 eta 9.17ko olatuak tarteko), Lucca Mesinasek zilarra (13.33), Miguel Tudelak brontzea (11.53) eta laugarren postua Hansentzat izan da (10.34).
Gipuzkoarra 16 urtez azpiko Munduko txapelduna izan zen 2023an, eta oso harro egoteko moduko debut bikaina egin du maila absolutuan, Championship Tourrean aritzen diren surflariak kanporatuz.
Kai Odriozolak 13. postuan bukatu du Munduko Txapelketa, Nadia Erostarbek 16.ean, Naïa Montek 22.ean, Ariane Ochoak 25.ean eta Ruben Vitoriak 37.ean.