Miren Lazkanok brontzezko domina irabazi du Oklahoma hiriko Munduko Txapelketako kayak kroseko proban
Gaur jokatu da ur bizietako Munduko Txapelketako azken jardunaldia, olinpiar programaren barruko kayak kroseko modalitatearekin eta Basque Teameko ordezkarientzat ezin hobeto amaitu da lehia, Miren Lazkanok brontzezko domina eskuratu baitu. Maialen Chourraut eta Pau Echaniz, aldiz, final-zortzirenetan geratu dira kanpoan, eta 26. eta 28. postuetan amaitu dute, hurrenez hurren.
Lazkanok berriro erakutsi du kayak krosean goi-mailako sasoi fisiko eta mentala duela. Gainera, bere ezaugarri fisikoek abantaila ematen diote aurrez aurreko borroketan; izan ere, modalitate honetan kontaktu fisikoa erabakigarria izaten da. Lehen kanporaketa erraz gainditu du, Brzeska poloniarra, Gonzalez Aguirre txiletarra eta Mackie australiarra atzean utzita. Final-zortzirenetan bigarren helmugaratu da, Stanovska eslovakiarraren atzetik eta Xu txinatarraren eta Setchell britainiarraren aurretik. Final-laurdenetan Ukrainako US, Stanovska eta Woods britainiarraren aurka aritu da, eta bere multzoan lehen postua eskuratuta egin du aurrera. Finalaurrekoanere txartela ziurtatu du: Noemie Fox lehen sailkatu bada ere, Lazkanok bigarren amaitu eta final handira iritsi da. Bertan, maila handiko aurkariak izan ditu, tartean Ricarda Funk alemaniarra, azkenik laugarren sailkatu dena. Lazkanok adorez eutsi dio podiumeko postuari eta Munduko brontzea bereganatu du.
Basque Teameko kirolariak beste mugarri bat gehitu dio bere ibilbideari. 2021ean Europako txapeldun izan zen, Paris 2024ko Olinpiar Jokoetan finalista, eta Munduko Kopan ere hainbat domina irabazi ditu.
Finala amaitu ostean, Mirenek Basque Teameko komunikazio taldeari azaldu dio domina honek lasaitasuna eta konfiantza eman dizkiola, egiten ari den lanean sinesten jarraitzeko eta piraguismoaren aldeko apustua indartzeko. Saria iaz zendutako amari eskaini dio, eta bereziki egunerokoan bidelagun dituen aitari eta anaiari.
Maialen Chourrautek, berriz, nahi baino lehenago amaitu du txapelketa. Lehen kanporaketan une batzuetan hirugarren joan bada ere, lasterketa kontrolpean izan du eta, nahiz eta erremonteetako batean trabatuta geratu, bigarren helmugaratu da, Pankovaren atzetik. Final-zortzirenetan, ordea, ez du aurrera egiteko aukerarik izan. Irteeran oso indartsua den Leaver britainiarraren, Zwolinska poloniarraren eta Chentxinatarraren aurretik ezin izan da sailkatu, eta laugarren amaituta agur esan dio lehiari.
Pau Echanizek ere bide bera egin du. Donostiarra laugarren izan da hasierako kanporaketan, Butcher zeelandaberritarraren, Baldoni kanadarraren eta Eigel uzbekistandarraren atzetik, eta gainera irteeran penalizazioa jaso du. Errepeskan, ordea, bikain erantzun du, bere multzoan lehen sailkatuta. Hala ere, final-zortzirenetan berriro laugarren amaitu du, Marx suitzarraren, Madore frantziarraren eta Butcher zeelandaberritarraren atzetik, eta ezin izan du final-laurdenetarako txartela lortu.
Oklahoma hiriko Munduko Txapelketa amaituta, Basque Teameko piraguisten denboraldiak aurrera jarraituko du. Oraindik bi Munduko Kopa dituzte jokatzeko—Parisen eta La Seun—, baita Europako Txapelketa ere, Ivrean.