Larru berria, amets bera: Basque Teamek ekipamendu berria aurkeztu du LA28ko ziklorako
KON izango da Fundazioaren hornitzaile ofiziala hitzordu olinpiko eta paralinpiko handira arte
Basque Team Zentroa erakustoki ezin hobea izan da Basque Teameko kirolariek hurrengo hitzordu olinpiko eta paralinpikoari (Los Angeles 2028) begira eramango duten arropa berria aurkezteko.
KON kirol-arropa teknikoa diseinatzen eta ekoizten duen Laudioko enpresak Basque Teameko kirolariak jantziko ditu ziklo olinpiko honetako fase erabakigarrian. Markak kirol-arropa teknikoaz hornituko ditu 2028ra arte Basque Teameko bekadunak, urte horretan egingo baitira udako jokoak Kaliforniako hiriburuan.
Abiadura, jasangarritasuna eta estiloa dira Euskadiko Goi mailako Kirolaren Zentroan aurkeztu den ekipazio berriaren ezaugarriak.
Arropa berriak Fundazioaren esentziari eusten dio, bere kolore korporatiboekin, klein urdina eta zuria, eta sorbalden inguruan ikurrinaren koloreei keinu egiten die. Berrikuntzetako bat da bekadunen izen-abizenak bularraren azpian hasten den degradatuan sartu direla aurten, modernitatea eta fundazioaren sustraiak eta oinarria uztartuz: kirolariak, hain zuzen. Babesleen logoak ezin dira falta. Laboral Kutxak eskuineko mahuka hartuko du, eta Fit Learning jantzien atzealdean kokatuko da.
Bi erakunde babesleen ordezkariekin batera, Ander Toña eta Alvaro Parro Laboral Kutxaren partetik eta Guillermo Gredilla Fit Learningen partetik, Olatz Legarza Fundazioaren koordinatzailea izan da aurkezpenean. Bertan, modelo gisa jardun dute Janire Gonzalez Etxabarri surflariak, Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak, Imanol Arriortua paratxirrindulariak eta Rakel Mateo paraeskalatzaileak, euren taldekide guztien ordezkaritzat.
Kirolariak, hala nola Maialen Chourraut (brontzea Londresen 2012an, urrea Rion 2016an eta zilarra Tokyon 2020an), Pau Echaniz (brontzea Parisen 2024an), Miren Lazkano eta Iñigo Peña piraguista olinpikoek (diploma Rion 2016an), Salma Solaun (Europako txapelduna eta olinpikoa Parisen 2024an) eta Unai Baigorri gimnastek, Usoa Ostolaza txirrindulariak, Nadia Erostarbe surflariak (CT-ko lehiakidea), Anton Legorburu (World Serieetan dominaduna) edo Amaia Erbina errugbiko jokalariek (azkena diploma Rion), Egoitz Bijueska (Munduko txapelduna), Naia Laso edo Alain Kortabarte skaterrek, Maitane Etxeberria eskubaloi jokalariak, Iker Sastre eta Ander Cepas (brontzea Paris 2024an) mahai teniseko jokalariek eta Lucas Eguibar (diploma olinpiko bikoitza snowboardean), Alvaro Romero, Juan Del Campo edota Arrieta Rodriguez neguko kirolariek, esate baterako, jantziko dute Basque Teamko ekitaldietan KONek diseinatutako eta ekoiztutako arropa.
KON eta Basque Team elkarlanean arituko dira aldi olinpiko honen amaieran, goi mailako euskal kirolariek euren helburuak nazioartean garatzen eta lortzen jarrai dezaten.
KON
KON Laudioko enpresa bat da, kirol arropa tekniko pertsonalizatua diseinatzen eta ekoizten duena. Hasiera-hasieratik, kirol-ekipazioen diseinu pertsonalizatuan eta prestaketan aritu dira, eta ahalegin guztiak egin dituzte kalitate tekniko handiena eskaintzeko, estetikarik berrienarekin eta bezero bakoitzaren beharretara egokituta.
Hori lortzeko, ehun-inprimaketako tekniketan abangoardian daude, eta, horregatik, punta-puntako bitarteko digitalak erabiltzen dituzte, bereizmen eta iraunkortasun handiko akaberak bermatuz.
KON Sports-ek prozesu osoa barnean egiten du (diseinua, sublimazioa, ebaketa eta jantzigintza), eta, horri esker, jantzi bakoitzaren kalitatea kontrola dezakete eta entrega-epe doituak bete. Klub, talde, kolektibo eta eskolentzako diseinu pertsonalizatuak sortzera bideratuta daude, arropek markaren edo taldearen nortasuna isla dezaten. Kirol-jarduera bizirako diseinatutako materialak erabiltzen dituzte, transpiragarritasunean, arintasunean eta ehun teknikoetan (%100 mikrofibra poliesterra) oinarrituta.
Basque Team Fundazioa
Fundazioa 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB). Hastapenetan bezala, BASQUE TEAMen helburua euskal kirolariei, profesionalak ez direnei, baliabideak ematea da, haien parte-hartzea errazteko eta nazioarteko lehiaketa gorenetan bikaintasun-emaitzak lortzeko. 2007tik, fundazioak 45 kirol-diziplinatako 246 kirolari baino gehiagori eman die beka.