Basque Teameko Higinio Rivero piraguistak Europako txapeldunorde titulua lortu du, urrearekiko segundo hamarren batera amaituta
14-ekaina-2026

Basque Teameko Higinio Rivero piraguistak Europako txapeldunorde titulua lortu du, urrearekiko segundo hamarren batera amaituta

Higinio Rivero

Higinio Riverok ez du mugarik. Aurten bertan Milan-Cortina d ‘Ampezzoko Neguko Jokoetan, iraupen-eskian zein biatloian, lehen aldiz lehiatu ondoren, piraguismoaren munduan sartu zen berriro, helburu argi batekin: nazioarteko topaketetan maila gorenean jarraitzea eta Los Angeles 2028an bere hirugarren Udako Jokoetarako txartela lortzen saiatzea. Montemor-O-Velhon (Portugal) jokatu den asteburu honetako Europako esprint eta parakanoeko txapelketan erakutsitakoaren arabera, planak oso bide onetik doaz.

Higiniok aurreko denboraldietako mailari eusteaz gain, hobera egin du. Europako Txapelketan orain arteko markarik onena lortu du. VL2-200 metroko probako sailkapen-seriean 51.967an gelditu zuen kronoa, bere estropadako bigarren postuan bukatuta, helmuga lehen postuan zeharkatu zuen Roman Serebriakov errusiarrarengandik +0.045ra. Goi-mailan, exijentzia hain da handia, ezen xehetasunik txikienek markatzen baitute aldea. Kontuan behar dugu kirol egokitua nola ari den garatzen; adibidez, 2025eko Europako txapeldunak, Norberto Mouraok, titulua lortu zuen 54.235 denborarekin, eta aurten markak zorrotzagoak izan dira serieetan bertan. Orain arteko Europako denborarik onena Ivo Kilian alemaniarrak egin zuen 2016an: 52.992.

Sailkapen saioko emaitza horri esker, Higiniok zuzenean A finalean sartzeko txartela lortu zuen. Azken estropada horretan berriz ere distira egin du eta urrea ukitu du. Europako bederatzi lehiakide onenen arteko lasterketa frenetikoan, denak hasieratik dena ematera atera dira garaipena eskuratzeko, batez ere lehen lauren denborak nabarmendu dira, eta horien artean, Higinio Riverok eta Norberto Mourao portugaldarrak, iazko Europako txapelduna bera ere, izan duten azken borroka gogorra. Oraingoan, ordea, bizkaitarrak oso zail jarri dizkio gauzak portugaldarrari. Ia elkarrekin sartu dira helmugan, 100 milisegundoko aldearekin bien artean: 52.242 batek eta 52.342 besteak. Podiumeko hirugarren postua Roman Serebriakov errusiarrak bereganatu du, 52.832eko marka eginda.

Honekin lotutako berriak

29-maiatza-2026

Maialen Chourraut Basque Teameko piraguistak domina batekin hasi du nazioarteko denboraldia, Taceneko Munduko Kopan brontzea bereganatuta

Informazio gehiago
10-maiatza-2026

Nerea Garcia piraguistak brontzea lortu du Szegedeko Munduko Kopako K2-500 metrokoan

Informazio gehiago
29-iraila-2025

Matx podcasta 04: Klara Olazabal

Informazio gehiago
22-ekaina-2025

Basque Teameko Higinio Rivero piraguistak brontzea irabazi du Raciceko Europako Txapelketan

Informazio gehiago
15-ekaina-2025

Domina zaparrada Basque Teameko palistentzat Paueko Munduko Kopan

Informazio gehiago
07-ekaina-2025

Miren Lazkano Basque Teameko palistak zilarrezko domina irabazi du Seu d’Urgelleko Munduko Kopan

Informazio gehiago