Nerea Garcia piraguistak brontzea lortu du Szegedeko Munduko Kopako K2-500 metrokoan
10-maiatza-2026

Nerea Garcia piraguistak brontzea lortu du Szegedeko Munduko Kopako K2-500 metrokoan

Nerea Garcia

Begoña Lazcano laugarren izan da K1-5.000 metroko finalean

Nazioarteko piraguismo denboraldia albisterik onenarekin hasi da euskal palistentzat, Nerea Garcia irundarra podiumeko hirugarren tokira igo baita denboraldiko lehen Munduko Kopan. Gipuzkoarrak brontzezko domina irabazi du Carolina Garcia taldekidearekin batera Szegeden (Hungaria) jokatu den K2-500 metroko proban, programa olinpikoaren parte den proban.

Laugarren sailkapen saioan lehiatu ziren, eta hirugarren sailkatu ziren horretan, 1:43.88ko denbora eginez, eta horrek finalerdietarako txartela eman zien. Lehiaketaren hurrengo fasean, gaur bertan hartu dute parte hirugarren lasterketan, eta bigarren amaitu dute, 1:40.37ko kronoa eginda, Lucrezia Zironi eta Giada Rossetti italiarrek bakarrik gaindituta, 1:40.14ko denborarekin. Finalerdi bakoitzeko lehen hiru ontziak A finalera pasatzen ziren, beraz, helburua bete dute.

Maila oso handiko finalean, Carolina Garciak eta Nerea Garciak osatutako ontziak hirugarren postuan zeharkatu du helmuga, lasterketa osoan ontzia goian kokatzeko talentua saritzen duen brontzezko domina lortuz. Urrea Paulinba Paszek eta Pauline Jagsch alemaniarrek irabazi dute 1:36.92ko markarekin eta zilarra Dominika Putto eta Adriana Kakol poloniarrek, 1:38.69rekin. Nereak eta Carolinak finaleko 500 metroak 1:39.01ean egin dituzte, finalean parte hartu duten beste sei ontziak gaindituta.

Bestalde, Begoña Lazkanok laugarren postuan bukatu du K1-5.000 metroko final ez olinpikoan. 28 palista izan dituen proban Pasaiako piraguistak, 25:09.20ko denboran, Melina Andersson suediarraren (24:46.25), Emese Kohalmi hungariarraren (24:52.99) eta Estefanía Fernández Meridako piraguistaren (24:53.59) atzetik amaitu du.

Ia 27 hilabete falta dira 2028ko Los Angeleseko Jokoak hasteko, baina sugar olinpikoara heltzeko bidea udaberri honetan abiatu da piraguismoan. Bi urte barru egingo den Kaliforniako hitzordurako sailkapen-sistema berriaren ondorioz, bai esprintean, bai eslalomean, nazioarteko ekitaldiek berez dutena baino garrantzi handiagoa hartu dute.

Esprintaren edo ur lasaien kasuan (eslalomean Jokoetarako puntuak banatuko dituen lehen hitzordua uztaileko Oklahomako Munduko Txapelketa izango da), lehen bi Munduko Kopetan, Szegedekoan (maiatzak 8-10) eta Brandemburgokoan (maiatzak 15-17) banatuko zaizkie lehen puntuak herrialdeen ordezkaritzei, Jokoetarako sailkatuko diren ontziak ziurtatuko dituen nazioarteko rankingari begira. Horregatik, lehen kopa hauek oso garrantzitsuak dira ahalik eta puntu gehien lortzeko.

Asteburu honetan jokatu den Szegedeko Munduko Kopan 60 herrialde lehiatu dira, guztira 190 estropadatan, aurreko Munduko kopetan ikusten ez zen programa zabala osatuz. Ekitaldi honek erakusten du datozen bi urteetan lehiaketa hauen maila nolakoa izango den, Jokoetara joateko puntuazioa tartean dagoelako jada. 

Honekin lotutako berriak

29-iraila-2025

Matx podcasta 04: Klara Olazabal

Informazio gehiago
22-ekaina-2025

Basque Teameko Higinio Rivero piraguistak brontzea irabazi du Raciceko Europako Txapelketan

Informazio gehiago
15-ekaina-2025

Domina zaparrada Basque Teameko palistentzat Paueko Munduko Kopan

Informazio gehiago
07-ekaina-2025

Miren Lazkano Basque Teameko palistak zilarrezko domina irabazi du Seu d’Urgelleko Munduko Kopan

Informazio gehiago
08-iraila-2024

Higinio Rivero Basque Teameko piraguistak bederatzigarren amaitu du Pariseko Joko Paralinpikoetan

Informazio gehiago
10-abuztu-2024

Begoña Lazcano Basque Teameko palista Pariseko Jokoetako K1-500 metroko finalerdietan txapelketatik at geratu da

Informazio gehiago