Basque Team Fundazioak eta Laboral Kutxak goi mailako kirolarien laneratzea sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute
Basque Teamek eta Laboral Kutxak kreditu kooperatibaren Arrasateko egoitzan lankidetza-hitzarmena itxi dute kirolariei sostengua emateko goi maila utzi eta lan mundura sartu behar direnean. Basque Teameko ordezkari gisa sinaduran izan da Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Fundazioko idazkaria. Laboral Kutxaren izenean, Nuria Agirre pertsonen eta hedabideen zuzendariak eta Endika Palacio talentuaren arduradunak hartu dute parte. Era berean, Maialen Chourraut, hiru domina olinpikoren jabea eta Xabier Etxaniz, Chourrauten eta Pau Echaniz eta Miren Lazkano kirolari olinpikoen entrenatzailea, aurkezpenean izan dira beste taldekide guztien ordezkari gisa.
Basque Team Fundazioaren helburua da euskal goi mailako kirolaren garapen egokia sustatzea, ez bakarrik kirol-errendimenduaren ikuspegitik, baizik eta kirolarien dimentsio soziala, pertsonala eta profesionala ere kontuan hartuta. Hori dela eta, ‘Laneratzea’ deitutako programaren bitartez, besteak beste, Basque Teamen eredua laguntza integraleko ikuspegian oinarritzen da; kirol esparrua zaintzeaz gain, kirolariaren alde pertsonala eta enplegagarritasunerako eta ibilbide profesionala garatzeko prestaketa ere zaintzen baitira.
Ildo horretan, Laboral Kutxarekin sinatutako laneratzeko hitzarmena Basque Team Fundazioaren estrategia zabalago baten barruan kokatzen da. Estrategia horren helburua da kirol arrakastarekin batera egonkortasuna, prestakuntza eta etorkizunerako aukerak bermatzea. Testuinguru horretan, Laboral Kutxarekiko harremana bi esparrutan garatzen da, elkarren osagarri diren bi mailatan. Alde batetik, kirol programa sostengatzen laguntzen duen babes ekonomikoa eskaintzen du Laboral Kutxak; eta beste alde batetik, lankidetza soziala eta profesionala bultzatzen du, kirolari baten ibilbidean ikusezinagoa den alderdia, laneratzeko prestaketa eta etorkizun profesionala indartzera bideratuta.
Bi erakundeen arteko hitzarmenak baditu gainera, xede zehatz eta praktiko batzuk: Basque Teameko kirolarien sarbidea erraztea Laboral Kutxako hautaketa-prozesu eta lan-poltsetara, entitatearen behar estrategikoekin lerrokatutako profil profesionalak identifikatzea eta lan-aukera errealak sortzea, ahal den neurrian kirol-ibilbidearekin bateragarriak direnak.
Hau guztia gauzatzeko, Laboral Kutxak dituen baliabideak Basque Teameko kolektiboaren (kirolari, teknikari eta epaile) esku jarriko ditu; hala nola, banku-funtzioarekin lotutako prestakuntza programak eta egiaztagiriak, finantzen kudeaketa eraginkorrerako prestakuntza espezifikoa eta ekintzailetzako baliabideetarako sarbidea, Gaztenpresa fundaziorako sarbidea, alegia.
“Laboral Kutxak aspalditik euskal kirolarekin eta euskal kulturarekin askotariko harremanak ditu eta hitzarmen honek harreman horiek sendotzen jarraitzeko aukera ematen digu”, azpimaratu du Nuria Agirrek.
Gorka Iturriagak, bestalde, eskertu eta nabarmendu du “Laboral Kutxak oso ondo babesten duela Basque Teametik kirolariei eskaintzen zaien laguntza integrala, konpetentzia berezietan eskainiko zaien formakuntzaren eta lan mundura sartzeko ematen zaien aukeraren bitartez”.