Basque Team KORRIKArekin!!!
26-martxo-2026

Basque Team KORRIKArekin!!!

‘Baloreetan BAT’ proiektuaren bitartez, kirolaz haratago doazen gaiak jorratu nahi ditu Basque Teamek; horien artean hizkuntza politika eta euskararen bultzada. Hori dela eta, Fundazioak bere harri koskorra jarri du aurtengo Korrikan.

Basque Teamek BAT egin du egitasmoarekin, Getxoko kilometro bat eginda, Pello Reparazen ‘Xiberutikan mendebaldera’ abestiaren erritmoan. Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak, Gadea Moja skaterrak, Mikel Erdozain igerilariak eta Higinio Rivero piraguista eta eskiatzaileak eraman dute lekukoa, beste kirolari guztien ordezkari gisa, Basque Team Zentroko teknikari eta beste hainbat langilez lagunduta.
 
AEK-k antolatuta, ‘Euskara gara’ lelopean, euskararen herria zeharkatuko du 24. KORRIKAk 2026ko martxoaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Omendua, bestalde, Errigora izango da. 
 
24. KORRIKAk 3436 lekuko – hartze izango ditu, eta 2.175 kilometro aurtengo ibilbideak, beraz, inoiz baino parte hartzaileagoa aurreikusten da lasterketa. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik atera zen martxoaren 19an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, hil bereko 29an, gutxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean. 
 
Ohiturari jarraikiz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa: Xiberoan, hain zuzen ere. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari, “itzalguneetako” bat baita Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen (4. KORRIKA); hots, Atharratzetik abiatu zen urtean.
 
Alta, euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan: Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela % 15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Xiberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea.
 
Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan finitu zen azkena, eta 24. KORRIKAn Bilbok izango du Korrikaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago