Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du
Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Basque Teamek goi-mailako kirolean emakumeen eta gizonen berdintasunarekin duen egiturazko konpromisoa berresten du, eta 2026-2028 Berdintasun Plan berriaren aurrerapen-ildoak aurkezten ditu. Horrela, 2016an hasitako ibilbide bat sendotu du erakundeak, gaur egun bere nortasun estrategikoaren parte dena.
Berdintasuna, Basque Team ereduaren egiturazko ardatza
2016az geroztik, Basque Teamek sistematikoki txertatu du genero-ikuspegia bere barne-antolaketan eta goi-mailako kirolarientzako zerbitzu guztietan. 2020an, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2020-2024) onartu zuen, eta, horri esker, helburu, adierazle eta baliabide espezifikoak antolatu ahal izan ziren. Lan horren ondorioz, 2021ean Emakundek Basque Team Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde gisa aitortu zuen.
Gainera, egungo 2023-2028 Plan Estrategikoak ildo estrategiko espezifiko bat jasotzen du goi-mailako kirolean emakumeen presentzia areagotzeko, eta horrek berdintasuna kokatzen du plangintza instituzionalaren erdigunean.
Aurreko aldiko ebaluazioak berresten du berdintasuna ez dela zeharkako ekintza bat, baizik eta erabakitzeko irizpide iraunkor bat. 2026-2028 zikloan, Basque Teamek ildo hori indartzea proposatzen du, bere programetan eta aurrekontuetan generoak duen eraginaren ebaluazio sistematikoaren bidez, Plan berrian finkatutako helburuak gutxienez % 80 bete daitezen.
Konpromisoa islatzen duen eragin ekonomikoa
Berdintasunarekiko konpromisoa datu zehatzetan islatzen da. 2020-2024 ziklo olinpikoan, kirolariei emandako beken %55 emakumeentzat izan dira.
Udako kiroletan, eragin ekonomikoa %60koa izan da emakumeentzat.
Halaber, euskal federazioekin garatutako bikaintasun-proiektuetan, azken zikloko onuradunen %48 emakumeak izan dira.
Datu horiek agerian uzten dute berdintasuna ez dela aitortutako printzipio bat soilik, baizik eta benetako aurrekontu-itzulpena duela.
2026-2028 aldiari begira, Basque Teamek urtero jarraituko du eragin ekonomikoaren jarraipena egiten, sexuaren arabera bereizita, eta zainketei, amatasunari edo ibilbide profesionalei lotutako egoeretatik erator daitezkeen zeharkako desberdintasunak aztertuko ditu, beharrezkoa denean neurri zuzentzaileak hartzeko.
Emakumeak talde teknikoetan: oraindik gainditu gabeko erronka
Kirolarientzako beken inpaktuak aurrerapen esanguratsuak erakusten baditu, sistemaren egiturazko desoreka nagusia talde teknikoetan dago. Gaur egun, bekadun teknikarien %24 emakumeak dira; horrek esan nahi du hobetu egin dela aurreko etapekin alderatuta, baina arrakala historikoak hor jarraitzen duela berresten du.
Azken zikloan genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza indartu da langile tekniko eta biomedikoentzat, bai eta errealitate horren analisi espezifikoa ere. 2026-2028 Plan berriaren helburua da emakume teknikarien presentzia %50 handitzea, laguntza-, prestakuntza- eta mentoretza-jarduerak bultzatuz eta lanean ari diren kirolariek beren etorkizun profesionala eremu teknikora proiekta dezaten lagunduz.
Kirol-imajinarioa eraldatzen duten erreferenteak
Aurreko aldiko proiekturik esanguratsuenetako bat “Imparables – Geldiezinak” izan da, euskal kirolaren erreferente femeninoak ikusarazteko ekimena, dokumental-saioa, podcastak eta Euskal Autonomia Erkidego osoko lehen hezkuntzako ikastetxeetan banatutako material didaktikoak eginda. Proiektu honek neskentzako eta gazteentzako asmo-ereduak indartzen lagundu du, eta Genero Berdintasunerako 5. GJHarekin bat dator.
Ebaluazioak berresten du ikusaraztea funtsezko tresna dela goi-mailako kirolaren inguruko imajinario kolektiboa eraldatzeko. 2026-2028 aldian, Basque Teamek erreferenteak sortzera bideratutako lan-ildoak mantenduko ditu, berdintasuna zeharka integratuz bere komunikazio-estrategian.
Errendimenduari aplikatutako berrikuntza genero-ikuspegia txertatuta
Basque Teamek genero-ikuspegia txertatu du arlo teknikoan eta biomedikuntzan ere. Azken urteotan, hilekoak kirol-errendimenduan duen eraginari buruzko azterlanak eta prestakuntzak garatu dira, bai eta amatasun- eta kontziliazio-egoeretan laguntzeko neurriak ere. Lan-ildo horri esker, ezagutza aplikatua eta jardunbide egoki bereizgarriak sortu dira.
2026-2028 zikloan, emakume kirolarien behar espezifikoei aplikatutako ikerketan sakonduko da, eta prestakuntza espezializatua integratzen jarraituko da, kirol-bikaintasunak eta berdintasunak eskutik helduta aurrera egin behar dutela ulertuta.
Dibertsitate funtzionala duten emakumeak: oinarrian aurrera egitea
Desgaitasunak dituzten goi mailako emakume kirolarien parte-hartzeak egiturazko erronka izaten jarraitzen du. Bikaintasun-proiektuetan integratu dira eta jarraipen espezifikoa egiten zaie, baina oraindik ere presentzia txikia dute.
Horregatik, Plan berriaren helburua da desgaitasunen bat duten emakumeen partaidetza %30 handitzea, goi mailara heldu baino lehen federazioekin eta eta beste egitura edo erakunde batzuekin lankidetzan arituz, oinarria indartzeko eta sarbidea handitzeko.