Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Galdakaoko kirolariak martxoaren 14an egingo du debuta, mugarri bat ezarriko duen gau batean

Gaur aurkeztu da prentsaurrekoan, San Mames estadioan, Oier Ibarretxeren debuta arlo profesionalean. Gaurko aurkezpenean Basque Teameko boxeolariak Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria izan du lagun. Ekitaldian izan dira, gainera, Athletic Clubeko presidentea den Jon Uriarte, JHM promotorako kideak, eta diziplinan espezializatutako kazetariak, Pedro Mari Goikoetxea kasu.

Basque Team Fundazioak Ibarretxe bekatuta du 2024tik, boxeo olinpikoan lortutako emaitzengatik. Oier harro dago euskal eliteko kirolari izateagatik, eta hori dela eta, Basque Team markarekiko sentitzen duen batasuna eta atxikimendua agerian uzten dituen janzkera bat eramatea erabaki du. Era berean, bere aurkezpena Fundazioaren eskutik eta Athleticen estadioan egin nahi izan du. Talde honen bazkidea da eta bere prestaketek eta kirol lehiaketek uzten dioten guztietan jarraitu ohi du.

Martxoaren 14an La Casillako pabiloi historikoak bere galarik onenak jantziko ditu 2026an estatuko boxeoaren erreferentzia izan nahi duen gauerako. Europako tituluz eta goi mailako borrokaldiez betetako kartel batekin, gaueko une garrantzitsuenetako bat Oier Ibarretxeren estreinaldi profesionala izango da, azken urteetan euskal boxeo amateurretik sortutako talenturik puruenetakoa.

22 urterekin, Bizkaiko boxeolaria gaztetasuna eta nazioarteko esperientzia uztartzen dituen zerbitzu-orri batekin iritsi zen jauzi horretara. Jaiotzez Galdakaokoa, Ibarretxe txikitatik ondu zen amateurismoan, eta goia jo zuen adar horretan, 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetarako sailkatu zenean, Emilio Garcia estatubatuarrari Bangkokeko preolinpikoan irabazi ondoren.

Hitzordu olinpikoan egotea funtsezko urratsa izan zen bere garapenean. Parisen -63,5 kilogramoko kategorian lehiatu zen, baina lehen kanporaketan Bazarbay Mukhammedsabyr kazakhstandarraren aurka galdu zuen aho batez. Emaitza horrek, bere ibilbideari distira kendu beharrean, ikaskuntza baliotsua utzi zion, mailako boxeolari onenetako baten aurrean. Ikasketa horrek aurrera jarraitu du gero 2025eko Munduko Txapelketan eta nazioarteko beste ekitaldi batzuetan.

Martxoaren 14ko gaua ez da nolanahiko gaua izango: kartelaren buruan Jon “Jonfer” Fernandezen pisu superarineko Europako Txapelketaren defentsa dago; bere koroa Somay Bilal nederlandarrarekin jokatuko du. EBU Silver titulua lortzeko Jokin Garcia eta Gianluca Ceglia italiar beteranoaren arteko norgehiagoka ere azpimarragarria da, maila bikaineko hainbat borroka profesionalez gain.

Oihartzun handiko testuinguru horren erdian, Ibarretxe da protagonistetako bat. 2025aren amaieran JHM Promotionsekin sinatu zuenetik, bere izenaren ospea handituz joan da zirkuitu profesionalean. Sei aldiz txapeldun nazional amateurra, Europako txapelduna eta Olinpikoa Parisen 2024an, Bassam Laaoularen aurka borrokatuko da publikoaren aurrean egingo duen debutean. Bassamek Bilbon bizi den Andres Abregoren aurka berdinketa lortu zuen azken lehian. Fokoek Oier gaztearengan jarriko dute arreta bere teknikagatik, mugikortasunagatik eta prestakuntza taktiko sendoagatik, eliteko amateurismotik datozen boxeolarien bereizgarri.

Jarraitzaileentzat eta espezialistentzat, profesionaltasunerako jauzia izapide hutsa baino gehiago da, etorkizuneko agertoki handietara hel litekeen ibilbidearen jarraipena. Ibarretxek behin baino gehiagotan adierazi du bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin lotzen jarraitzeko asmoa duela, Los Angeles 2028ko Jokoak baitira bere helburuetako bat, eta, aldi berean, “munduko txapeldun profesionala izan nahi duela”.

Bilboko gauak, beraz, erronka une bat irudikatuko du. Alde batetik, Europako koroak jokoan dituzten izar-borrokak, eta bestetik, boxeolari tekniko baten debut profesionalaren emozioa. Oierrek erakutsi du olinpiar aurreko txapelketetan zein nazioarteko hitzorduetan — garaipenak eta errendimendu ona dituzten Munduko Txapelketak barne — boxeo errentatuaren inguru zailean hazteko tresnak eta baliabideak badituela.

Euskal publikoaren zalapartarekin, martxoaren 14ko gaua inflexio-puntua izango da Basque Teamekoarentzat, olinpismoan duen balioa Europako profesionalismoarekin uztartuko baitu, atzean zaleen ilusio eta bultzada lagun dituela. Estreinako hau izango da askok euskal boxeoan gogotsu espero duten etapa berri baten lehen orrialdea.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago
06-otsaila-2026

HEMEN DITUGU JOKOAK!

Informazio gehiago