Basque Teameko Nadia Erostarbe surflariak irabazi du Hegoafrikako Ballito Pro txapelketa
06-uztaila-2025

Basque Teameko Nadia Erostarbe surflariak irabazi du Hegoafrikako Ballito Pro txapelketa

Nadia Erostarbe

Zarauztarrak bereganatutako Challenger Serieetako lehen txapelketa da gaurkoa

Nadia Erostarbek irabazi du KwaZulu-Natalen (Hegoafrika) jokatu den Ballito Pro txapelketa, asko borrokatutako finalerdian Sally Fitzgibbons beteranoa eta finalean Yolanda Hopkins portugaldarra kanporatuta. Orain arte, Nadiak hirugarren postuak lortuta zituen Challenger Serieetako zirkuituan, surfaren maila gorenaren atarian, hiru aldiz, eta gaur estreinakoz lortu du garaipena maila horretako lehiaketa batean.

CT, Championship Tourretik igarotzea, non Nadiak bost txapelketa jokatu dituen denboraldi honetan, baliagarria izan zaio gipuzkoarrari surfaren elitearekin batera aritzeko eta ikasten jarraitzeko. Planetako olaturik zorrotzenak zamalkatu eta onenen artean jarraitzeko ahaleginean jasotako jakintza aplikatzen ari da orain. Zarauztarrak ezin izan zuen CTko mozketa pasa, baina Challenger Serieen bidez bidea luzeagoa izan arren, inurritxo bat balitz bezala, aurrera egiten ari da, pausoz pauso.

Nadiak ez zuen 48 onenen kanporaketa jokatu Balliton; 32 onenen artean lehiatzen hasi zen zuzenean. Ellie Harrison australiarra, Leilani McGonagle hawaiiarra eta Kiara Goold tahitiarra izan zituen aurkari. Bere txandako lehena bezala pasa zen, bederatzigarren olatuan zortzi puntu lortuz, guztira 14.83 puntu pilatzeko. Gooldek 11.13 egin zituen, McGonaglek 8.53 eta Harrisonek 7.56.

Final-zortzirenetan Teresa Bonvalot portugaldarrarekin neurtu behar izan zituen indarrak, Tokion, 2021ean, eta Parisen, 2024an, olinpikoa izan zen surflariarekin. 4.83ko olatu batek eta 6.57ko beste batek nagusitasuna eman zioten Nadiari. Portugaldarraren olaturik onenak, 7.00koa eta 4.23koa, ez ziren nahikoak izan gipuzkoarrari txartela kentzeko.

Final-laurdenetan Kiara Gooldekin borrokatzeko ordua iritsi zen, txapelketako lehen txandan ere lehiakide izan zuen surflariarekin. Gaztea izan arren, 14 urteko tahitiarrak aurre egin zion Nadiari: lehenengo 3.03ko olatua hartu zuen, eta, ondoren, 4.30ekoa. Erostarbek, ordea, txanda kitatu zuen 6.00 puntuazioa eman zion kabalkada bat sinatuta  serieko bere bosgarren olatuan. Azkenik, Nadiaren 9.83koak, Goolden 7.33rekin alderatuta, finalerdirako txartela eman zion Basque Teameko beka duen kirolariari.

Gaur goizean lehiaketa oso goiz hasi da. Nadiak finalerdietako lehen txanda jokatu du, Sally Fitzgibbonsm australiarraren aurka. Surflari beteranoa 2010etik da CTko lehiakidea eta ISAko Munduko Txapelketa lau aldiz irabazi du. Faboritoetako bat zen txapelketa irabazteko, baina Nadiak egoera kontrolatzen eta final handirako txartela ziurtatzen jakin du. Zarauztarrak 8.17ko olatuarekin eman du lehen kolpea, eta 7.17koarekin ondoren. Aussie-ak 6.67ko beste batekin eta 6.77ko batekin erantzun badu ere, ez da nahikoa izan Nadiaren progresioa eteteko Ballito Pro honetan.

Finalean Yolanda Hopkins portugaldarra zegoen zain, bere finalerdian Talia Swindal estatubatuarra kanporatu du eta. Nadiak azken txandan surfeatu dituen bost olatuekin nahikoa izan du, oso ondo hasi baita, 6.50eko batekin. Hopkinsek puntu gutxiago jaso ditu, 7.67ko olatua iritsi arte, baina Erostarbe bere bosgarren olatuan heldu den 6.30aren zain geratu da. Nadiak 12.80 puntu pilatu ditu eta Hopkinsek 10.84.

Nadia Erostarbek Challenger Series zirkutiutuan lortu duen lehen garaipena da gaurkoa. 2021ean hasi zen zirkuitu honetan lehiatzen. Bi urte geroago, 2023an, hirugarren postua eskuratu zuen Corona Saquarema Pron, eta iaz, 2024an, postu hori errepikatu zuen GWM Sydney Surf Pro eta Lexus US Open txapelketetan. Gainera, Nadia laugarren izan zen iaz Puerto Ricoko ISA Surfing Games Munduko txapelketan, eta Pariseko Jokoetan lehiatzeko txartela eskuratu zuen han. Frantziatik diploma olinpiko batekin bueltatu zen etxera. 

Denboraldi bikaina egin ondoren, CTrako sailkapenetik oso gertu geratu zen, baina beste surflari batzuen testuinguruagatik azkenean bost proba jokatu ahal izan ditu kategoria horretan. Orain, horietan ikasitako guztia Challenger Serieetako zirkuituan aplikatzen ari da, eta oraindik hiru proba daude jokatzeko: Lexus US Open of Surfing (Kalifornia) uztailaren 26tik abuztuaren 3ra, Ericeira Pro (Portugal) irailaren 29tik urriaren 5era eta Saquarema Pro (Rio de Janiero) urriaren 11tik 19ra.

Nadiaz gain, beste bost surflari ere izan ditugu Ballito Pro txapelketan lehian. Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri 17. eta 33. postuetan sailkatu dira; Yago Dominguezek eta Adur Amatriainek ere 33. Postuan bukatu dute, eta Keoni Lasak 49.ean.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago