Egoitz Bijueska Basque Teameko skaterrak erakustaldia eman eta Ostiako Munduko Kopa irabazi du
08-ekaina-2025

Egoitz Bijueska Basque Teameko skaterrak erakustaldia eman eta Ostiako Munduko Kopa irabazi du

Egoitz Bijueska

Naia Lasok bosgarren bukatu du emakumezkoen finalean

Egoitz Bijueskak denboraldiko lehen Munduko Kopa irabazi du park modalitatean, Ostian, Italian. Bilboko skaterrak bere kalitatea erakutsi du txapelketa osoan zehar eta ginga jarri dio gaurko finalean egin duen lanarekin.

Arratsaldean pistara jauzi egiten azkena izan da, baina lehen txandan bertan 92.54 puntu lortu ditu eta bere lehiakide guztien aurretik jarri da: Pedro Carvalho, Luiz Mariano, Luigi Cini eta Gui Khury brasildarrak, Yuro Nagahara eta Soya Inomata japoniarrak eta Alessandro Mazzara italiarra.

Bigarren saiakeran ezin izan du aurreko jarduna hobetu, izan ere, erori egin da eta hirugarrenean 81.59ko nota jaso du, bere txandaren amaieran oreka galduz. Dena den, onena bukaeran iritsi da. Egoitzek 94.50 batekin errematatu du lana laugarren txandan, bertaratutako guztiak txundituta uzteko. Yuro Nagahara japoniarrak (92.30) eta Gui Khury brasildarrak (92.01) osatu dute podiuma.

Egoitz Bijueskaren garapena kritika eta zaleak aho zabalik uzten ari da. 2023ko Munduko Txapelketan gonbidapen-txartel batekin lehiatu zen 12 urteko mutikoa. Orduko hartan final-laurdenetara iristean denak harritu zituen, eta harrezkeroztik nazioarteko mailan interes handiarekin jarraitutako kirolari bihurtu da.

Munduko Txapelketa hura jokatu eta hilabete batzuetara, estatuko selekzioetako ohiko deialdietan sartzen hasi zen, eta Pariseko Jokoetarako sailkapena lortzeko aurreolinpikoa jokatu zuen, bai Shanghaiko proba, bai Budapestekoa. Ezin izan zuen Frantziako hiribururako txartela lortu, baina skatearen aldeko apustua egiten eta bere teknika hobetzen jarraitu zuen, Estatu Batuetara etengabe bidaiatuz onenengandik ikasteko.

2024an, Munduko Txapelketa absolutu batean debuta egin eta urtebetera, Egoitz Ostiara itzuli zen eta 23. postutik bosgarren postura pasa zen bere bigarren Munduko Txapelketa absolutuan. Etenik gabe ezagutza xurgatzen duen kirolariaren garapena frenetikoa izan da tarte honetan.

2025eko maiatzean, 14 urte besterik ez zituela, Estatu mailan 900 bat lortzen lehen skaterra izan zen, hau da, sei metrotik gorako altueran bi bira eta erdi egiten estatuko lehen skaterra izan zen. Munduan marka hori duten 12 skaterren zerrenda murriztuan sartu zen bilbotarra. Kalifornian gertatu zen, bere entrenatzailearekin, Trevor Ward australiarrarekin, praktikatzen ari zela. Trikimailua egiteak bi egun eta 20 saiakera bakarrik eraman zizkion, eta Tony Hawk mitikoak, berriz, 10 urte behar izan zituen.

Ostiako Munduko Kopa honetan Egoitzek distira egin du berriro. Sailkapen kanporaketan zazpigarren izan zen 85.56ko puntuazioarekin. Final laurdenetan hamalaugarren bukatu zuen 84.06ko emaitza onenarekin, eta ezustekoa atzo eeman zuen, finalerdietan, bizkaitarra onena izan baitzen, World Skateko historiako puntuaziorik altuena lortuta gainera: 95.83. Keegan Palmer txapeldun olinpiko bikoitzak baino ez du nota hori erdietsi, Tokioko Jokoetan urrea eraman zuenean.

Finalean Ostiako skateparkean, bere etxea balitz bezala menderatzen duen skateparkean, bere potentzial guztia atera du berriro. Gurasoek kapritxo iragankor bat izango zela pentsatu zutena bere bizitza bihurtu da, bizkaitarrak esan ohi duen bezala. Onartu du bera hasi zenetik skateboarda “asko aldatu” dela, profesionalizatu egin dela, gero eta neska-mutil gehiagok interesa dutela, eta, berari bezala, skatea gustatzen zaiela. Pasioa eta talentua, hori sobran du Egoitzek, Los Angeles 2028ko Jokoetan podiumera igotzeko hautagai nagusietako batek.

Beste hautagaietako bat Naia Laso da. Basque Teameko kirolaria bosgarren izan da emakumezkoen taldean. Laso zuzenean lehiatu zen final-laurdenetan Ostiako Munduko Kopa honetan, sailkatze kanporaketa jokatu behar izan gabe. Final-laurdenetan seigarren izan zen, 81.63ko nota onenarekin. Finalerdietan bere jarduna hobetu zuen, hirugarren amaituz, 85.13ko puntuazioarekin. Gaurko finalean, 87.05eko puntuazioa lortu du lehen txandan eta hirugarren kokatu duen 90.03ko emaitza bigarren txandan, baina ezin izan du nota hobetu hirugarren saiakeran, eta bosgarren amaitu du, Mizuho Hasegawa japoniarraren, Arisa Trew australiarraren eta Cocona Hiraki eta Hinano Kusaki japoniarren ondoren.

Gogoan izan behar da, hala ere, Naiak Abu Dhabiko Munduko Kopa irabazi zuela 2024an, Parisko Jokoetan diploma lortu zuela, eta urtea brontzezko dominarekin amaitu zuela Munduko Txapelketan.

Parkeko lehiaketa amaitu ondoren, aste honetan Afrika Criado gasteiztarra izango dugu street modalitateko lehiaketan, Erroman.

Honekin lotutako berriak

06-martxo-2026

Basque Teamek goi mailako kirolean berdintasunarekin duen konpromisoa indartzen du 

Informazio gehiago
25-otsaila-2026

‘Baloreetan BAT’ proiektuak goi mailako kirolaren balioak hezkuntza sistemara hurbiltzen jarraitzen du

Informazio gehiago
23-otsaila-2026

Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak bere ibilbide olinpikoa profesionaltasunarekin uztartuko du

Informazio gehiago
12-otsaila-2026

Lucas Eguibar eta Alvaro Romero final-laurdenetara eta final-zortzirenetara iritsi dira, hurrenez hurren, Milano-Cortinako Jokoetan

Informazio gehiago
11-otsaila-2026

Heldu da Lucas Eguibar eta Alvaro Romero Basque Teameko snowboardlarien hitzordua, Milan-Cortina 2026ko Jokoetan

Informazio gehiago
07-otsaila-2026

Ikuskizun bikain batek eman zien atzo hasiera Milan-Cortina d’Ampezzoko Neguko Jokoei

Informazio gehiago