Basque Teameko Oier Ibarretxe boxeolariak debuta egingo du Pariseko Jokoetan domina bat lortzeko helburuarekin
Oier Ibarretxe podiumera igotzeko ideia sendoarekin etorri da bere lehen Jokoetara. Hala jakinarazi dio Frantziako hiriburura joandako Basque Teameko komunikazio-taldeari.
“Nire unerik onenean iristen naiz maila fisiko eta mentalei dagokienez. Prestaketa gogorra izan da, baina nire momenturik onenean iritsi naiz eta guztion bila gatoz” adierazi du Galdakaoko boxeolariak.
Maiatzetik kontzentrazioz kontzentrazio dabil denboraldiko hitzordu nagusira sasoi betean iristeko. Lehenengo Sierra Nevadan eta gero Frantzian.
“Prestakuntza domina bat lortzeko izan da, ondo dago esperientzia bizitzera etortzea, bizitzan bakarra baita, baina domina hori lortzera gatoz”.
Oier Ibarretxek, 21 urteko galdakoztarrak, Parisko Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuen Emilio Esteban Garcia estatubatuarrari irabazi ondoren Bangkoken jokatutako preolinpikoan, 63,5 kiloko kategorian. Bizkaitarrak irudi bikaina eskaini zuen eta borrokaldiko bost epaileen aho bateko erabakiz irabazi zuen. Galdakaoko boxeolariak final-laurdenetarako txartela lortu du Thailandiako hiriburuan, Abdallah Abou-Arab danimarkarrari 5-0eko emaitzarekin irabazita. Aurretik, final-hamaseirenetan, Ibarretxek Ali Habibinezhad irandarra garaitu zuen, denborak markatzen jakin zuen eta garaipena eman zioten 5-0eko emaitzarekin. Bere debutean, berriz, Ahmad Shtiwi israeldarrari irabazi zion 3-2ko erabakiz.
“Pixka bat ezustekoa izan da nik sailkapen hori lortzea, azken unean izan zelako, azken sailkapenean, baina nigandik gertuen daudenek, nire kideek, nire lagunek, nire familiak badakite zein gogor lan egin dudan eta zer sakrifikatu dudan. Nire lankideek eta nik oso prestakuntza ona izan dugu, eta domina horren bila gatoz. Ez dut presiorik. Gozatzera nator. Domina buruan daukat, baina gertatuko dena gertatuko da. 21 urte ditut eta hurrengo Jokoetara joateko asmoa dut eta gertatzen dena gertatzen dela jarraitu egin behar da. Puntu honetara iritsita, denok erakutsi dugu goi-goian egoteko maila daukagula” azpimarratu du Ibarretxek.
Borrokaldien koadroak ezartzen duen zozketaren aurretik, Oierrek dio aurkariek ez dutela gehiegi kezkatzen, agian hein batean bertako aurkariak.
“Nire kasuan izarra frantziarra da, hiru aldiz Munduko txapeldun eta txapeldunorde olinpikoa izateaz gain, bere etxean dago, baina ez nau kezkatzen, denaren bila goaz”.
Oier Ibarretxe Budvan (Montenegro) nabarmendu zen joan den azaroan. Galdakaoko boxeolaria 22 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen 63,5 kilo baino gutxiagoko kategorian. Superarinak urrea zintzilikatu zuen finalean Lasha Gagnidze georgiarra mendean hartuta. Sasoi onean dagoela ziurtatzen du.
“Nik borroka bakoitzean behetik gora egingo dut, eta azken borrokara lehenengora baino hobeto iritsiko naiz”, dio bizkaitarrak.