Keoni Lasa, Kai Odriozola eta Janire Gonzalez-Etxabarri errepeskako hirugarren kanporaketara pasa dira Puerto Ricoko Munduko surf txapelketan
27-otsaila-2024

Keoni Lasa, Kai Odriozola eta Janire Gonzalez-Etxabarri errepeskako hirugarren kanporaketara pasa dira Puerto Ricoko Munduko surf txapelketan

Keoni Lasa

Margara inguruan jokatzen ari diren World Surfing Games probako laugarren jardunaldian, podiumak berriro jarri dituzte gaur El Picon eta El Rastrialen, atzo olatu eskasiak eragindako errepeskaren bigarren kanporaketa egiteko.

Gaur uretan sartzen lehena Kai Odriozola izan da eta arazo handirik gabe gailendu zaie bere txandan lehiatu diren gainerako surflariei: Oliver Zietz holandarra, Chengzheng Wang txinatarra eta Lester Hernandez guatemalarra. Odriozolak 15.50 puntu lortu ditu guztira, 8.17 eta 7.33ko bi olatu ikusgarrirekin. Donostiarra nahiko gustura geratu da gaur egindako lanarekin, baina zuhur jokatu nahi du eta txandaz txanda egin balorazioa, izan ere, errepeskan, lehiaketa paraleloan, oraindik lan asko du egiteko: 12 serie gehiago.

Keoni Lasak Kai baino zailxeagoa izan du, baina bigarren kanporaketa ere gainditu du. Zarauztarrak hamarren bategatik lortu du txartela (11.60), Joshe Faulkner hegoafrikarraren 12.70ak bakarrik gaindituta. Keoniren olaturik onenak 5.83 eta 5.77koak izan dira, baina epaileek emandako puntuak erakutsitako maniobren azpitik egon dira bere aburuz. Greyson Grant suediarra eta Jose Gundesen argentinarra kanporatuta geratu dira.

Janire Gonzalez-Etxabarri ere oso ondo aritu da surfean gaur, belauneko arazoak atzean utzita. Zumaiarra hasieratik jarri da lider bere txandan eta megafoniatik puntuazioak eta lehentasunak entzuteko arazoak izan baditu ere, bere surfingean konfiantza izan du 12.47 puntu lortzeko eta Mathea Olin kanadarraren (9.50), Lilias Tebbai marokoarraren (8.80) eta Alexandra Kolla greziarraren (3.83) aurretik amaitzeko.

Bihar berriz ekingo zaio lehiaketa nagusiari, hirugarren kanporaketa jokatuta, eta aldi berean, errepeskaren hirugarren kanporaketa egingo da, biak gizonezkoen zein emakumezkoen kuadroetan.

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago