Iñigo Peña Basque Teameko palistak zazpigarren amaitu du Europako Jokoetako K1-500 metroko finalerdian eta bihar B finala jokatuko du
Ion Galarzak eta Unai Mendikotek ez dute 3×3 saskibaloiko multzoen fasea gainditu Belgikaren aurka 21-14 galdu ostean
June Kintanak 13. postuan amaitu du disko jaurtiketa
Krakovia-Malopolskan jokatzen ari diren Europako Jokoen hirugarren jardunaldian, euskal kirolariak gaur jokatu diren 13 diziplinetatik hirutan izan ditugu: esprint piraguismoan, 3×3 saskibaloian eta atletismoan.
Goizean Iñigo Peñak sailkatze-txanda gogorra izan du K1-500 metroko proban ur bareetako piraguismoan. Zumaiarrak sekulako entrenamendua egin zuen atzo, baina gaur goizean egunaren hasieran lehiatzen ziren ontziek ezin izan dute berotu, ekaitz gogor batek programazio osoa atzeratu baitu. Iñigok lehen seriearen ondoren adierazi duen bezala, horrek dezente baldintzatu du, erronkaren zailtasunaren jakitun zen arren. Basque Teameko kirolaria 2016ko Rio de Janeiroko jokoei dagokien ziklo olinpikoan K4an lehiatu zen, eta, ondoren, 2021eko Tokioko Jokoei zegokienean, K2ra pasa zen, Paco Cubelos ontzikidearekin batera arrakasta ugari lortuz. Orain Iñigok K2a prestatzen jarraitzen du, baina parentesi bat egin du Europako Joko hauetarako, banakako ontzia probatuz, hautapen probetan honetarako sailkatu ondoren.
Zumaiarrak Fernando Pimenta portugaldarra izan du aurkari sailkapeneko hirugarren txandan, eta laugarren postuan bukatu du, 1:43.100eko denbora eginez, eta Marko Dragosavljevic serbiarraren, Przemyslaw Korsak poloniarraren eta Pimenta beraren atzetik helmugaratu da. Azkarrenak bakarrik lortzen zuen A finalerako pase zuzena.
Peñak, beraz, arratsaldeko finalerdia jokatu behar izan du, eta goizarekin alderatuta, hobera egin duen arren, ez da nahikoa izan A finalerako txartela lortzeko. Bi finalerdietatik zailena suertatu zaio eta zazpigarren amaitu du bertan, 1:40.543ko erregistroarekin. Iñigok Villa Olinpikoan lehiatu gabe daramatzan egunei eta bakarkako probarik jokatu gabe eman dituen 11 urteei egotzi die errendimendua. Bihar, ekainak 24, B finala izango du 12:20etan.
Bestalde, 3×3 saskibaloian, Ion Galarzak eta Unai Mendikotek ezin izan dute multzoen fasea gainditu. Atzo Letoniaren aurka galdu eta Esloveniaren aurka irabazi ondoren, gaur 21-14 galdu dute Belgikaren kontra, Tokioko Jokoetan laugarren eta azken Munduko txapelketan hirugarren izan den selekzioaren kontra. Belgikarrak nagusi izan dira kanpotik partida hasi denetik, eta markagailuan alde gaindiezina ireki dute. Porrotaren ostean, Unai Mendikotek Poloniara joandako Basque Teameko komunikazio taldeari adierazi dio oraindik asko dagoela ikasteko saskibaloiaren modalitate hau lantzen denbora gehiago daramaten munduko beste potentzia batzuetatik. Oraindik oso urrun ikusten ditu Joko Olinpikoetarako sailkatzeko aukerak. Sestaoko jokalariaren iritziz oraindik oso urrun dagoen helburua da.
Eguna amaitzeko, June Kintana nafarra disko jaurtiketan lehiatu da. Bakaikukoak 13. postuan amaitu du, 16 parte-hartzaileetatik. 47.40 metroko lehen jaurtiketa egin du, bigarrena 49.73 metroraino joan da eta azkena onena izan da, 50.64 metroraino iritsi delarik Silesia estadioan.
Bihar atletismoan lehiatuko dira Maialen Axpe eta Teresa Errandonea; lehenengoa pertika jauzian, 15:55etik Aurrera, eta bigarrena 100 metroko hesi-lasterketan 16:25ean.