Clara Azurmendi Basque Teameko badminton jokalariak bigarren bukatu du Peru Challengean
20-azaroa-2022

Clara Azurmendi Basque Teameko badminton jokalariak bigarren bukatu du Peru Challengean

Clara Azurmendi

Azurmendik erretiratu egin behar izan du finaleko lehen setean, orkatila minduta baitu atzoko finalerdian jasandako bihurdura batengatik

Donostiarra txapelketako lehen faboritoa zen eta aurreikuspenak bete egin dira. Clara finalera iritsi da, baina ezin izan du baldintza onenetan jokatu, finalerdietako norgehiagokan bihurdura izan eta eskuin orkatila minduta utzi baitzuen.

Basque Teameko kirolariak txapelketa bikaina egin du. Lehen kanporaketan Srivedya Gurazada estatubatuarra garaitu zuen (23-21 eta 21-12), final-zortzirenetan Vanessa Maricela Garcia Contreras mexikarra gainditu zuen (21-11 eta 21-16) eta final-laurdenetan Disha Gupta estatubatuarrari irabazi zion (21-12 eta 21-14). Finalerdietako norgehiagokan, Azurmendik Buhrova 21-8, 19-21 eta 21-19 menderatzeko oztopo guztiak gainditu zituen atzo. Donostiarrak indar ikaragarria atera zuen garaipena lortzeko, nahiz eta garesti ordaindu behar izan duen. Urrearen borrokan, gipuzkoarrak Sugiyama japoniarrari aurre egin dio, baina zoritxarrez, lehen partzialean markagailua 13-15 zihoanean, Clarak ez behartzea eta erretiratzea erabaki du.

Banakako lehiaketaz gain, Clarak binakako txapelketa ere jokatu du Liman Bea Corralesekin batera. Lehen kanporaketan garaipen sendoa lortu zuten Fernanda eta Rafaela Munar ahizpen aurka (21-7 eta 21-11). Final laurdenetara iritsi ziren, non Paula Lynn Cao Hok eta Lauren Lam estatubatuarren aurka galdu zuten. Partida oso paretsua izan zen, xehetasun txikiz erabaki zen eta garaipena bi bikoteen esku egon zen (27-25 eta 21-17). Nolanahi ere, donostiarrak eta madrildarrak sentsazio onekin amaitu dute euren parte-hartzea taldekakoan.

Ezker oineko lesio batengatik ebakuntza egin ondoren, urrian itzuli zen lehiaketara Clara Azurmendi, ebakuntza gelatik igaro eta lau hilabetera. Bere lehen txapelketa Dutch Opena izan zen, non dominen borrokaren atarian geratu zen, Huang Ching Ping taiwandarraren aurka galduz. Ondoren, Danimarkako Irekian, Azurmendik ez zuen garaipena lortzeko aukerarik izan Michelle Li kanadarraren aurka. Hurrengo hitzorduan, Frantziako Irekian, donostiarrak Munduko izarretako bati aurre egin behar izan zion, egungo Top10ean dagoen emakumeari, Nozomi Okuhara japoniarrari, eta ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu. Alemaniako Irekian, Malkiva Bansond indiarrak jaitsi zuen borrokatik.

Orain Clararen hurrengo hitzorduak abenduaren 6tik 11ra Markhamen (Toronto, Kanada) jokatuko den Canada International Challenge eta abenduaren 15ean Genevan (Suitza) jokatuko den taldekako Europako txapelketa mistoa (qualification stage) izango dira.

Honekin lotutako berriak

08-maiatza-2026

‘Matx’ podcastaren, goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakutsiko duen saioaren, bigarren denboraldia hasiko da

Informazio gehiago
07-maiatza-2026

Basque Team Fundazioak eta Laboral Kutxak goi mailako kirolarien laneratzea sustatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute

Informazio gehiago
05-maiatza-2026

‘Basque Team 2026 Bekak’ eskatzeko epea ireki da

Informazio gehiago
17-apirila-2026

Taldeak gidatzeko artea: aldageletatik ikasten

Informazio gehiago
15-apirila-2026

Lehendakariak kirolari olinpikoak zoriondu ditu Milano-Cortinako Jokoetan parte-hartzeagatik

Informazio gehiago
26-martxo-2026

Basque Team KORRIKArekin!!!

Informazio gehiago