basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Surfa 07
ekaina
2019

“Europako lehen txapelketa irabazteak poz handia ematen dit”

Basque Teameko Aitor Francesena surflariarekin egon gara Viana do Castelon, AS VI kategorian, Europako txapelketa irabazi ondoren. Aitor Francesena Munduko txapeldun izan zen 2016an, brontzezko domina erdietsi zuen 2017an eta podiumetik oso gertu geratu zen 2018an, laugarren izanda. Hilabete honetan beste titulu bat gehitu dio bere palmaresari, txapeldun kontinentalarena.

“Europako txapelketa Portugalen jokatu da, Viana do Castelon. Aurreneko aldiz antolatu da Europako txapelketa eta horrek poz handiagoa eman dit, aurrenekoa izanda, nik irabaztea. Ez da bakarrik irabaztea; lehen edizioa izanda eta irabaztea… hor geratzen da, historiaren barruan. Itsuentzat antolatutako lehen Munduko txapelketan, Kalifornian, ere irabazi eta gero, danak dauzkat eta horrek sekulako poza ematen dit. Munduko txapelketa aurreneko aldian antolatzen dela eta Europakoa ere aurreneko aldia antolatzen dela, bi horiek edukitzea oso handia da”.

“Hiru txandatan sartu ginen uretara, finalaz aparte. Hiru horietatik bi irabazi nituen eta hirugarrenean frantsesak irabazi zidan. Finalean beldur hori nuen, ea frantsesak nola egiten zituen bere lanak. Gauzak ondo irten ziren eta horregatik erraz irabazi nuen. Finalean aurreneko bi olatuetan ez genuen puntua lortu, hirugarrenean pixka bat hartu nion puntua, laugarrena oso ondo joan zen eta bosgarrenean dena irten zitzaidan perfekto eta hamar bat eman zidaten”.

“Kosta guztia, Portotik behera, ezagutzen nuen eta Viana do Castelo goian dago. Ez nuen ezagutzen, baina oso polita da eta oso olatu onak eduki ditugu. Finalean haizea sartu baino lehen txanda guztiak egin ziren eta txapelketa oso ondo joan zen”.

“Orain, urte bukaeran, berriro Munduko txapelketa dugu La Jollan, San Diegon, Kalifornian”.