basqueteam fomenta el deporte de alto nivel del País Vasco

Webgune honek berezko eta beste bitarteko batzuen Cookie-ak erabiltzen ditu informazioa jaso eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzeak horien instalazioa onartzea dakar. Erabiltzaileak bere nabigatzailea konfiguratzeko aukera dauka, eta nahi izanez gero, bere disko gogorrean instalatzea ekidin dezake, horrek webgunean nabigatzeko arazoak sor ditzakeela aintzat hartu behar duen arren.

Onartu Nola konfiguratu
Besteak 02
azaroa
2011

Xabier Leibarrek Jokoetan parte hartu duten euskal kirolarien zerrenda aurkeztu du

Guztira 270 kirolari eta 356 parte-hartze izan dira jokatutako 26 edizioetatik 20tan lehiatuz

 2011ko azaroak 2.- Jose Amezola zestalari arabarra izan zen 1896an Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen lehenengo euskal kirolaria, eta urrezko domina irabazi zuen Parisen antolatutako aro modernoko Olinpiar Jokoen bigarren edizio hartan. Harez geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako 270 kirolarik 356 partehartze izan dituzte guztira Udako Jokoetan, eta beste 13 Neguko Jokoetan, 1968az geroztik. Mende luzeko olinpiadetan izandako partehartze horren nondik norakoak ezagutarazteko asmoz, luze gabe, liburu formatuan aurkeztuko da, munduko eliteko kirolarentzat lau urtez behin antolatzen den hitzordu honetako euskal presentziari buruzko lehen zentsua osatu duen doktorego-tesia.

Xabier Leibar Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko mediku eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendari-ohiak 10 urte behar izan ditu guztira Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Hezkuntza Fakultatean doktorego-tesitzat aurkeztu duen ikerketa-lana osatzeko. Luze gabe, liburu formatuan kaleratuko da Bilboko Aste Olinpikoaren hamahirugarren edizioaren barruan (2011ko azaroaren 7tik 11ra bitartean egingo da Bizkaiko hiriburuan).

Leibarrek Olinpiar Jokoen zenbait ediziotan parte hartu du mediku gisa. 2001ean, Euskal Autonomia Erkidegoko errendimendu handiko kirolaren maila aztertzeari ekin zion. Garai desberdinen arteko konparazio-parametroak finkatzeko premiak iraganera begiratzera bultzatu zuen, eta atzeranzko begirada horrek goitik behera aldarazio zion lanaren norabidea. 10 urte geroago, “Euskal Autonomia Erkidegoko kirolarien partehartzea aro modernoko Udako Olinpiar Jokoetan” izenburuko doktorego-tesia osatu du, Fernando Sánchez Bañuelos (Bartzelona 1992ko zuzendaritza teknikoa tarteko duen kirol ibilbide luzearen jabea) eta Emilia Fernández García-ren zuzendaritzapean.

10 urte hauetan, Xabier Leibarrek, Espainiako Olinpiar Batzordeko eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko artxiboetan murgildu, bibliografia ezin zabalagoa errepasatu, erregistro zibiletan miatu eta ehun aholkulari baino gehiagorengana jo du, kazetariak, kirol-estatistikoak, alor desberdinetako adituak, Jokoen lekukoak eta olinpiar balentrietako protagonistak barne (euskal kirolari olinpikoen %20 baino ez dira hil).

EAEko kirolariek Olinpiar Jokoetan izandako partehartzeari buruzko errepaso historiko honetatik atera daitekeen lehen ondorioa begibistakoa da: lehenengo edizioetako amateurismoa, partaidetza murritza eta marka apalen aldean, gaur egun maila ikusgarri eta super profesionalizatua nagusitu da.

EAEn jaiotako kirolariek Bigarren Mundu Gerraren aurretik antolatutako 10 jokoetako 4tan parte hartu zuten. Parisen, 1900 urtean, gure ordezkari bakarrak urrezko domina lortu zuen euskal pilota olinpiar kirola izan den aldi bakarrean (Frantzia ordezkatzen zuen bikotea ez zen finalera aurkeztu, txisteraren neurriei buruz piztutako eztabaiden ondorioz). Amberes 1920, Paris 1924 eta Amsterdam 1928 olinpiar jokoetan, 20, 16 eta 28 euskal kirolari lehiatu ziren, hurrenez hurren, baina ia %75 futbolariak ziren (euskal futbolaren urrezko garaia zen, Pitxitxi, Arrate, Belauste, Bienzobas eta abar tarteko zirela).

Gerra ostean, EAEn jaiotako kirolariek ez dute behin ere huts egin olinpiar jokoetan, nahiz eta 1956an euskal kirolarien presentzia Hernando Espinosa de los Monteros zaldizko donostiarraren partehartzera mugatu zen. Lehenengo emakumezkoa Ibone Belaustegigoitia igerilaria izan zen Londresen, 1948an. Ibone, olinpiadetan ere parte hartu zuen Jose Maria Belaustegigoitia Athletic-eko erdilari mitikoaren iloba zen, baina familia erbestean bizi zenez, Mexikoko olinpiar ordezkaritzaren barruan parte hartu zuen. Oro har, gizonen gehiengo erabatekoa izan da (Udako Jokoetan parte hartu duten kirolari guztien ia %80).

Erroman, 1960an, 30 euskal kirolarik parte hartu zuten, tartean 12 arraunlari zeudela eta futbolari bat ere ez. Orduko partaidetza zabala ez zen gainditu 1992ko jokoetara iritsi arte, 44 izan baitziren guztira Bartzelonan lehiatu ziren EAEko kirolariak. Tokio 1964tik Los Angeles 1984ra bitartean, euskal kirolari-kopurua ez zen inoiz 13 baino gehiagokoa izan. Atzitik, Bartzelonako jokoen ondoren, 24tik gorakoak izan dira olinpiaden azken edizioetako euskal kirolari kopuruak.

EAEk udako Olinpiar Jokoetan izandako 356 partehartzeen erdiak lau kirol hauei dagozkie, hurrenkera honen arabera: futbola, atletismoa, hockeya eta arraunketa. Hona hemen Xabier Leibarren ikerketan nabarmendu den beste datu bat: kirol olinpikoa Bizkaiko Getxo hiriaren bidez eta Irun-Oiartzun-Pasaia-Errenteria-Donostia korridorean barna iritsi zen Euskadira. Gipuzkoa da proportzionalki ordezkaritzarik handiena izan duen lurraldea (partaidetzaren %53, EAEko biztanlerian duen %32ko portzentajearen aldean; emakumezkoen %50 Donostia ingurukoak dira). Bestalde, EAEk ia-ia bikoiztu egin du partehartze olinpikoen bidez Estatuan duen pisu demografikoa.

Joan den mendeko 90eko hamarkadaz geroztik nagusitu den jaiotze-tasa txikiak etorkizuneko partahartzeetan eta bereziki 2020tik aurrerakoetan izan dezakeen eragin gogorrari erreparatuta, Leibarrek, tesia lantzean atentzioa eman dioten kirolari batzuen izenak nabarmendu nahi izan ditu:
· José María Yermo, gerra aurreko sportman tradizionalaren eredu garbia: kirolari olinpikoa izan zen Amsterdam 1928an, pistako txirrindularitzan, eta futbol selekzioko kapitaina ere izan zen, atletismoko zenbait diziplinatan nabarmendu zelarik.
· Maider Telleria, belar-hockeyko selekzioko kidea izanik, lau aldiz parte hartu eta urrezko domina lortu zuen Bartzelonan, 1992an.
· Iker Martinez eta Xabi Fernandez estropadazale gipuzkoarrak, Atenasen urrezko domina eta Beijing-en zilarrezkoa lortu zituztenak, eta Xabier Leibarren hitzetan “kirol jardunaren eta kirol adimenaren paradigma” bilakatu direnak.

Xabier Leibarren tesiak Udako Olinpiar Jokoak hartu ditu oinarritzat, baina testuari gaineratutako eranskin batek, Neguko Jokoetan EAEko kirolariek izandako partehartzearen berri ematen du, Grenobleko 1968ko jokoez geroztik. Handik hona izandako 13 partehartzeetatik, Ainhoa Ibarra gernikarrak slalom super erraldoian egindako 4 partehartzeak (etenik gabekoak, Calgary 1988tik Nagano 1998raino), eta Iker Fernandez donostiarrak snowboard-ean izandakoak (Nagano 1998-Torino 2006) nabarmendu behar dira. Neguko kiroletan, emakumezkoen presentzia partehartzeen %40 ingurukoa izan da.