Xabier
Ruiz de Arechavaleta

BIO

1990ean hasi nintzen piraguismoa egiten CA Trintxerpen, Pasaian. 1998an Donostia Kayak K.E. sortu zen eta harrez gero bertako kide naiz. Joseba Saies izan zen han lehen entrenatzailea, eta gerora Ekaitz Saies eta Imanor Burgera ere aritu dira horretan. Baina 2011az geroztik Olatz Alkorta da nire entrenatzailea. Hastapenetan emaitzak lortzea baino disfrutatzea zen bilatzen nuena, halere Gipuzkoa eta Euskadi mailan emaitzatxo batzuk lortzen hasi nintzen. Estatu mailako probetan aurreko postuetan sartzen hasi nintzen gero, Espainiako Kopa batean bigarren sailkatzeraino. Postu hari esker Frantzian 2004an jokatu zen Munduko Kopa batean parte hartu nuen, hura izan zen nazioartean nire debuta. Bide horretan, emaitzarik onena 2014an lortu nuen, bosgarren Oklahoma Cityn egin zen Munduko Maratoi Txapelketan. Baina oroitzapen gozoena 2011ko Hungariako Munduko Pista Txapelketetakoa da: emaitza xumea izan arren (13.) esperientzia ahaztezina izan zen, Olinpiar Jokoetara sailkatzeko baliagarriak izan zirelako txapelketa haiek eta piraguismoa ikaragarri maite den herrialdea delako Hungaria.