Gurutze
Frades (enbaxadorea)

BIO

Betidanik egin izan dut kirola, bizitza honetan gauza asko eman eta erakutsi dizkit: laguntasuna, disziplina, norbere mugak gainditzea, hazkunde pertsonala, eta ohitura onak. Saskibaloi jokalaria izan nintzen 9 urtetatik 25eraino, Durangoko Tabirakon. Triatloia 25 urterekin ezagutu nuen, orduan taldekide nuen lagun bat hartan hasi zelako. Neuk ere aproba egitea pentsatu nuen eta bi urtez saskibaloia –Anbotopeko taldean-, eta triatloia –udan-, uztartu nituen. Gero saskibaloian jarraitu ahal izateko zailtasunak sortu ziren: 8 taldekide elkartzeko nahikoa lan izaten genuen, zer esanik ez 10; zaila da 12 neskek astebururo jokatzeko konpromezua hartzea. Gauzak horrela, saskibaloia utzi eta triatloiari heldu nion. Lehen lasterketa Mimizan-en (Frantzia) jokatu nuen, sprint triatloi bat osatuz. Handik aurrera ‘engantxatu’ eta lasterketa errosarioa etorri zen: triatloiak, duatloiak, lasterketa herrikoiak, txirrindularitza probak,… Osasuntsu egoteko jarduera bezala hartu nuen hasiera batean, baina piskanaka geroz eta emaitza hobeagoak lortzen ari nintzen eta planteamentuak zorroztu nituen. 2011ean distantzia luzeko Espainiako txapelketa irabazi nuen, eta denboraldiko rankingean ere lehena izan nintzen. Harrez gero dena ematen ari naiz kirol honetan lehiakorra izateko, eta emaitzak geroz eta hobeak dira, nire mailaren gorakadaz batera.