Pauline Adok zilarrezko domina irabazi du Huntington Beacheko Munduko surf txapelketan
24-iraila-2022

Pauline Adok zilarrezko domina irabazi du Huntington Beacheko Munduko surf txapelketan

Pauline Ado azken unera arte borrokatu da ISAk antolatutako World Gamesetan podiumera igotzeko, Biarritzen 2017ko edizioan egin zuen bezala. Ordukoan urrea eraman zuen, eta honetan oso gertu egon da, finalaren zati handi bat lehen postuan joanez.

Egunak hasiera zaila izan du Angeluko surflariarentzat, ezin izan baitu lehiaketa nagusiko seigarren txanda gainditu. Emakumeen lehiaketa nagusiari ekiteko orduan, antolakuntzak izandako arazo tekniko batzuen ondorioz, txanda ordubete atzeratu behar izan da, gutxi gorabehera. Uretara sartzean, olatuak desagertu dira, eta Adok, bere hitzetan, bere bizitzako txandarik txarrenetako bat egin du, olatu bakar bat ere zamalkatu gabe geratuz, Kirra Pinkerton estatubatuarraren eta Daniela Rosas perutarraren atzetik. Teresa Bonvalot portugaldarrak ez du parte hartu lesio batengatik.

ISAko Munduko Txapelketetako errepeska formatuari esker, Adok gogotik saiatu behar izan du, baina beste aukera bat izan du finalera sartzeko. Paulinek txanda oso konplikatua izan du, Sally Fitzgibbons eta Sophie McCulloch australiarrekin neurtu baititu indarrak. Biek olatu asko hartu dituzte euren txandan eta aurretik jarri dira, batez ere Fitzgibbons, baina Paulinek 30 minutuko txandako denbora beteta zegoenean 6.57 batekin puntuatutako olatua lortzeko itxaroten jakin du, bigarren postuan bukatu eta final handian sartzeko.

Emozioz beteriko txanda horren ondoren, Fitzgibbonsek eta Adok zain zituzten Daniela Rosas perutarra eta Pinkerton estatubatuarra, zuzenean finalera igaro baitira txapelketa nagusiko seigarren txanda irabazita. Urrea eskuratzeko azken oztopoan, Ado gora etorri da. Oso azkar hartu ditu bi olatu on (6.00 eta 7.00) eta finalaren zati handi batean liderra izan da. Bere aurkariak kontrolatzen saiatu da, baina Pinkertonek hartu duen 6.30eko olatuak urrea eman dio azken unean, 13.63ko puntuazioarekin. Pauline Ado zilarrarekin geratu da (13.00) eta Fitzgibbons australiarrak brontzea lortu du (11.60). Paulinek esan duen moduan, emaitza honek indara ematen dio aurrera egiteko eta Parisen, Tokion bezala, olinpikoa izateko helburuarekin jarraitzeko.

Gizonezkoen koadroan Kanoa Igarashi japoniarrak, Rio Waida indonesiarrak eta Jackson Baker australiarrak osatu dute podiuma.

Estatu Batuek emakumezkoetan eta Japoniak gizonezkoetan Paris 2024rako jokoan zeuden bi postu olinpikoak irabazi dituzte Huntingtongo Munduko Txapelketa honetan, euren selekzioetako kideek lortutako puntuei esker.

Honekin lotutako berriak

29-martxo-2026

Janire Gonzalez-Etxabarri eta Adur Amatriain surflariak, Europako txapeldun 

Informazio gehiago
14-martxo-2026

Nadia Erostarbe Basque Teameko kirolariak historia egin du berriro, Championship Tourrerako, munduko surfaren maila gorenerako, sailkatu baita

Informazio gehiago
18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago