Naia Laso Basque Teameko skaterra Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketako finalean sartu da
07-urria-2023

Naia Laso Basque Teameko skaterra Ostia-Erromako Parkeko Munduko Txapelketako finalean sartu da

Naia Laso

Naia Lasok etxeko lanak egin ditu Ostiako Spot Skateparken eta Park modalitateko Munduko Txapelketako finalera pasa da, laugarren izanda finalerdietan. Oso modu serioan irristatuta, aireko trikimailu handirik gabe, baina skater helduenen klasearekin eta dotoreziarekin, Naia Lasok zutik jarri du gaur Ostian bildutako publikoa.

Basque Team Fundazioko bekadunak urteak daramatza Munduko elitearekin lehian, baina txapelketaz txapelketa jarraitzen du erakusten hobetzeko tartea baduela eta bikaintasuna lortzeko gogor lan egiten duela.

Gaurko finalerdietan, Bermeoko kirolaria lehen blokean lehiatu da, Grace Marhoefer eta Bryce Wettstein estatubatuarrekin, Arisa eta Ruby Trew australiarrekin, Lilly Stoephasius alemaniarrarekin, Hyunju Cho korearrarekin eta Isadora Pacheco brasildarrarekin batera. Oreka galdu galduz gero moztu egiten ziren 45 segundoko hiru saiakera egin dituzte gaur skaterrek. Lasoren lehen emanaldiak 85.80 puntu lortu ditu eta lidergoan jarri da horri esker. Bigarrenean zein hirugarrenean bere lehen nota hobetzen saiatu da, baina hainbeste arriskatu du, non bietan erori den. Bere bigarren saiakera 40.75 batekin puntuatu dute epaileek eta hirugarrena 77.45 batekin.

Lehen finalerdia amaitu arte Naiak sailkapen nagusiko lehen postuari eutsi dio, baina hori aldatuz joan da bigarrenaren blokearekin. Skater onenek trikimailu guztiak atera dituzte errondak “plantxatzeko”, eurek esaten duten moduan. Horrela, Kokona Hiraki japoniarrak 89.55eko marka lortu du, Hinano Kusaki herrikideak 88.19koa eta Raicca Ventura brasildarrak 87.16koa. Naia laugarren postura jaitsi da eta bigarren finalerdian oraindik kanporaketa gehiago geratzen ziren. Bakar batek ere ez du gainditu Lasok bere lehen txandan egindakoa. Naiak laugarren amaitu du, eta, beraz, azken fasean sartu da munduko titulua lortzeko borrokan. Lehian zeuden 16 skaterretatik 8 pasatzen ziren finalera.

Biharkoa Skate Parkeko Munduko Txapelketako lehen finala izango da kategoria absolutuan Naia Lasorentzat. Bizkaitarra hamahirugarren izan zen Dubain jokatu zen 2022ko Munduko Txapelketan. Orduan finalren atarian geratu zen, finalerdietan. Emakumezkoen koadroaren finala 17:15ean hasiko da bihar.

Honekin lotutako berriak

09-martxo-2026

Basque Teameko Egoitz Bijueska skaterrak urrezko domina irabazi du Sao Pauloko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
27-otsaila-2026

TXOSTENA: Euskadi potentzia da berriro ere Skateko Munduko Txapelketan

Informazio gehiago
10-ekaina-2025

Egoitz Bijueska Basque Teameko skaterra harro itzuli da etxera, Ostiako Munduko Kopan irabazitako urrearekin

Informazio gehiago
08-ekaina-2025

Egoitz Bijueska Basque Teameko skaterrak erakustaldia eman eta Ostiako Munduko Kopa irabazi du

Informazio gehiago
03-ekaina-2025

Bikaintasunaren bila 

Informazio gehiago
21-ekaina-2024

Alain Kortabitarte Basque Teameko skaterrak Pariseko Jokoetarako txartela lortu du

Informazio gehiago