Nadia Erostarbe surflariak hirugarren amaitu du Pro Anglet txapelketan
27-abuztu-2023

Nadia Erostarbe surflariak hirugarren amaitu du Pro Anglet txapelketan

Nadia Erostarbe

Nadia Erostarbek urrats sendoak ematen jarraitzen du azken asteetan zirkuitu pribatuaren barruan. Bosgarren izan zen Challenger Serieetako Ballito Pro eta US Openean ere, joan den astean Lacanau Pro txapelketa irabazi zuen eta gaur Qualifying Serieetako, 3,000 kategoriako, Rip Curl Pro Angleteko final berri batean sartzetik oso gutxira geratu da. Basque Teameko beka duen kirolariak hirugarren postuan amaitu du txapelketa, ezin izan baitu Teresa Bonvalot portugaldarra gainditu finalerdian.

Erostarbek Pro Angeluko ibilbidea 64 onenen kanporaketan hasi zuen, emakumezkoen koadroan jokatutako lehenengoan. Bere txandan aurrea hartu zien lehiakideei, abantaila dezenterekin. Nadiaren bi olatu onenek 15.17ko puntuazioa lortu zuten, Iparraldeko Sarah Leiceaga surflariarenek 8.93koa, Mirna Boelsma holandarrarenek 8.33koa eta Ranya Squalli marokoarrarenek 5.13koa.

32 onenen kanporaketan ere aurrera egin zuen, baina hor bigarren postuan (11.60), Tya Zebrowski frantziarraren atzetik (12.17), eta Francisca Veselko portugaldarra (9.40) eta Bahia Frediani frantziarra (7.00) gaindituta.

Final-hamaseirenetan Teresa Bonvalot, Carolina Mendes eta Mafalda Lopes hirukote portugaldarren aurka aritzea egokitu zitzaion. Bonvalotek (olinpikoa Tokio 2020an) final-laurdenetarako txartela lortu zuen lehen postuarekin (10.30) eta Nadia Erostarbe izan zen bigarren (9.67). Mendesek eta Lopesek, agur esan zioten txapelketari.

Final-laurdenetan hasi ziren bi surflariren arteko zuzeneko norgehiagokak. Zarauztarrak Maud Le Car frantziarraren aurka neurtu behar izan zituen indarrak, eta menderatu egin zuen 5.67 eta 6.50eko bi olaturekin. Le Carrek 6.10eko olatu bat surfeatu zuen arren, une horretatik aurrera zamalkatutako hurrengo olatuak ez ziren behar bezain onak izan; horietatik onena 3.80koa izan zen.

Finalerdietan Teresa Bonvalotekin borrokatzea egokitu zaio eta lehia estua izan da. Bonvalotek, lehenik, 4.50eko olatua jo du. Erostarbek erantzun dio 4.83ko batekin eta 4.77ko beste batekin. Bazirudien finalerako txartela gipuzkoarrarentzat izango zela, baina Teresak 5.57 bat lortu du bere zazpigarren olatuan.

Erostarberen hirugarren postuaz gain, Ariane Ochoa eta Kai Odriozolaren bosgarren postuak eta Ruben Vitoria eta Ainhoa Leiceagaren hamahirugarren postuak nabarmendu dira Pro Anglet honetan, euskal surflarien parte-hartze zabalaren artean.

Honekin lotutako berriak

18-urria-2025

Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu du Challenger Serieetako Saquarema Pro txapelketan eta Championship Tourrerako txartela ematen duten postuetan sartu da

Informazio gehiago
14-iraila-2025

Janire Gonzalez-Etxabarri Basque Teameko surflaria, Munduko txapeldun El Salvadorren

Informazio gehiago
12-iraila-2025

Aitor Francesena etxera itzuli da munduko txapeldunaren tituluarekin

Informazio gehiago
08-iraila-2025

Aitor Francesenak seigarren aldiz bereganatu du Munduko txapelketa 

Informazio gehiago
03-abuztu-2025

Annette Gonzalez-Etxabarri surflariak hirugarren amaitu du, ezustekoa emanda bere debutean US Openean

Informazio gehiago
28-uztaila-2025

Matx podcasta 03: Keoni Lasa

Informazio gehiago